mikel elorza
ARKUPEAN

Tiro herratuak

2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Nork ez dauka egun txarrik? Gauerako espero dituzunetatik bakarra ere konplitzen ez den horietakoa. Eta horrek eragindako nahigabea nork ordaintzen du? Etxe askotan jakina da, medioetan erdia ere ageri ez diren datuetan ikus daiteke; eta gainerakoan nork bere pagaburua topatzen du. Baina egun eskasa eduki duenak arma bat baldin badauka, orduan kontuak aldatu egiten dira, eta gerta liteke, ez dakit, bada dozena erdi ordu pasa izana zerura begira eta uso edo birigarro bakarra ere ez jartzea itu-puntuan, eta beraz kotxera bidean hegan egiten duen lehenengo objektuari tiroa jotzea. Hegan egiten duenari edo…

Antzera izango zen, imajinatzen dut, urtarrilean, San Sebastian egunaren dispositiboaren kontura: nahigabetuta itzuliko ziren ertzainak trepetak utziak zituzten San Telmo Museora, barruko elizara —aldagela bitxia hautatzen dute ordenaren zerbitzariek, alajaina!—, eta haietako bati tiroak ihes egin. Nahi gabekoa izan zela dio bertsio ofizialak, zortzi hilabetera ezagutu dugunak, baina nago ni ez ote zen nahigabekoa izango. Kitzikatze kimiko natural zein artifiziala onartzen duten hormonak oraindik kartsu, aldare aldera begiratu, hango figura margotuak ikusi diana bat bailiran paretan jarritaeta, diosss… Asmakeria gaiztoa nirea.Fortuito, omen, tiroa. Eskopeta zeukan zorroa bizkarreratu agenteak eta ohartu gabe Serten koadro bateko San Telmoren kopetatik hamar zentimetrora zuloa, justuan libratu zen arrantzale eta marinelen lagun santua!

Atanesek edo Cabacasek baino suerte hobea izan zuen. Kolpean gogora etorri zaizkidan bi kasu dira, fortuito, lehena ez hain gogoratua oroimen kolektiboan, morroia gutarra ez izanik oihartzun txikiagoa izan zuelako, bigarrena polizi-jardun batzuen eredu, testuinguruak eta gutartasunak indar handia eman ziona. Eta gainera, egiari zor, kasu honetan tiroa ez zen herratua izan (edo agian bai, herra-duna alegia), ez zen fortuitoa, ikasitako jardunbide baten baitan egina baizik, Fort Witoriako protokoloaren baitan.

Kasu asko daude eta garai eta fort guztietan ematen dira, izan grisak, marroiak, berdeak edo urdinak. Baita gobernu gorrietan ere (erne bildutarrak inoiz hagintera iritsiz gero!). Gure umezaroan tiro al aire deitzen zitzaion modalidadeari, eta airera egindako tiroek manifestariak eraisten zituzten, protestalariek bat-batean hegoak garatu balituzte bezala.

Airera egindako tiroa, istripua, nahi gabekoa… bertsio ofizialen gidoigileek asmatu dituzten tramankuluak dira. Tramankulu beharrezkoak, legearen beso armatuaren kontzeptuan oinarritzen baduzu Polizia, eta guk ezagutzen ditugunak hala dira. Estatuaren dna-n doaz. Gehiegikeriak? Horiek erakutsi eta salatzeko dauzkagu Netflix edo HBO.

26.000 eurotan baloratu dute Jose Maria Serten koadroaren konponketa eta beraz Barne Sailak San Telmo Museoari eman beharreko kalte-ordaina. Nik, hala ere, koadroa ez nuke konponduko. Zuloa utziko nuke. Burutik arra erdira jotako tiroaren mirariak balio erantsia emango lioke koadroari eta seguru Donostiako Udaleko branding managerrek aise asmatuko dutela gertaera zirkuitu turistikoetan sartu eta arrabalorizatzeko modua: santua eta tiro galduak desbideratzen dituen Goi Ardura; edo gure garai gatazkatsuen testuinguruan kokatu gertakaria, kale borroka on fire zeneko Donostian; edo are urrutiago, miliziano anarkista baten grinari egotzi… Edozerk balio lezake, eta lehen ere iragana igartzen iaioak gara —egunotan Elkano humanista utopiko bilakatu digute, harrapazank!—.

Edonola ere, San Telmoko koadrokoa Ondarretako metroko zuloa baino puska bat merkeagoa aterako zaigu. Metroko zulo ustekabekoa, Fort Witoriako protokolokoa, hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.