Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Urtea

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urte amaiera eta hasierak astunak gerta litezke maiz. Errepaso eta promesa garaia izaten da, eta halako zerrendak gustuko ez ditugunok ere bukatzen dugu nahi gabe joko horretan erortzen. Aurtengoa bereziki astuna egin zait niri. Etengabe entzun eta irakurri dugu nola 2020a bukatzeko desiatzen geunden denok. Urteari azken zifra aldatzeak zerbait konponduko duenaren esperantza faltsu hori han eta hemen…

Zer da zehazki, baina, urte bat? Eguzkiari buelta bat gehiago eman diola gure planetak, besterik ez. Eta nola jakin buelta bat noiz eman dugun? Izan ere, lurraren orbita etengabe aldatzen doan orbita bat da, eta ez daukagu modurik gaur espazioan marka bat utzi eta bertara noiz itzultzen garen zain geratzeko. Ez nik dakidala, behintzat.

Baina markak, guk utzi gabe ere egon badaude. Horiei erreparatzea izan liteke eguzkiari buelta noiz eman diogun jakiteko modu bat. Aukera bat izarrei erreparatzea da. Oso urruti dauden izarrak geldi daudela suposa dezakegu praktikan. Horietako bat erreferentziatzat hartu eta zeruan berriz leku berean ikusi arte pasatzen den denbora tartea urte sideral bat litzateke. Sidus izarra da latinez. Halako urte batek 365 egun, 6 ordu eta 9 minutu irauten ditu.

Beste aukera bat urtaroei erreparatzea da. Urtaroak gure planetaren ardatza inklinatuta egoteak eragiten ditu. Izan ere, ardatz horren eta lurra eta eguzkiaren arteko posizioaren baitan dira emisferio batean ala bestean egunak luzeago ala laburrago. Beha dezakegu ea zein egunetan duten egunak eta gauak luzera bera, eta berriz gertatzen den arte itxaron. Edo baliokidea litzatekeena, begira dezakegu eguna noiz den laburrena eta berriz laburrena den arte zain egon. Bitarte horretan pasatzen den denbora tartea 365 egun, 5 ordu eta 49 minutukoa da, eta urte tropikal gisa da ezaguna.

Lurraren orbita eguzkiaren inguruan ez da erabat zirkularra, eliptikoa baizik. Horrez gain, eguzkia ez dago elipsearen zentroan, eta beraz, badago orbita horretan momentu bat non eguzkitik hurbilen gauden. Perihelion puntua esaten zaio puntu horri, eta orain gutxi pasatu omen dugu, urtarrilaren 2an. Puntu horretan berriz egon arte 365 egun, 6 ordu eta 14 minutu pasatzen dira. Urte anomalistiko esaten zaio.

Ohartuko zinetenez hiru urte hauen arteko aldea txikia da. Urrutien dauzkagun izarren edo gertuen daukagunaren erreferentzien baitan kalkulatutakourteak dira bizi ditugunak, gure agendetakoak, lau urtean behin egun bat gehitzen dizkiegunak sei bat ordu horien errorea konpontzeko. Baina, eta izarrei beharrean satileteei begiratuko bagenie?

Ilargiaren faseei begira ere kalkula liteke urtea. Hilabeteak ere hortik datozkigu, hain justu. Baina ilargiari zorrotz begiratuko bagenio, 12 ilargi-hilabeteko urteak 354 egun, 8 ordu eta 48 minutu izango lituzke. Beharbada emakumeoi kalkulu batzuk erraztuko lizkiguke egutegi honek. Ilargi-urtean oinarritutako egutegiak dituzte adibidez kultura islamiar, txinatar eta induak, esaterako. Gertatzen dena da egutegi horri moldaketak egiten dizkiotela, guk gureari urte bisiestoekin bezala, urtaroak desfasa ez dakizkien.

Aukera gehiago ere egon litezke urteak neurtzeko. Norberak jakingo du zein astro edo gertaera hartzen duen erreferentetzat bere kalkulutarako. Norberak hautatu behar luke noiz nahi duen, edo noiz daukan indarra, bolada txar bat bukatzeko, noiz bere buruari promesak egiteko eta noiz errepaso zerrendak osatzeko.

Izan ere, bestela, Kristo ondorengo 2021. buelta hau zuzenean zakarrontzira botatzeko moduan geundeke astebete eskasean: bi emakume euskaldun hil dituzte dagoeneko. Pandemia horrek ez du zifra aldaketa eta egutegiez ulertzen, tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.