Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Azken apairua

2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Eguberri besta giro, hori zuten espero. Orekaren amets honetan, aldiz, ez da giro. Familia-ren sendotze eta ospatze data finkatu ziguten. Ausarki janari eta opari ugari. Elizak errekuperatutako usaietan, arau eta agindu berrien seinale dugu eguberri.

Ahmedek urtero desiratzen digu besta ona. Eta guk ere hari Aid ederra. Haatik, gu bakoitzaren definizioan ez gara oso ongi kabitzen. Ahmedi gu ateoak izatea ez zaio balio; giristinoak izan beharko genuke bederen. Eta guk bere baitan proiektatzen dugu beste lotura bat, pagano sinesmenetan oinarritua, baina, ezetz. Ahmed musulmana da eta beste sinesteak ez ditu aipu. Batzuetan iduri du bata bestearen baitan zerbaiten bila goazela. Orduan hark gu baino garrantzi gehiago ematen dio berak ospatzen ez duen bestari.

Letiziak ama galdu zuen duela bi urte pasa. Urteko beste momentu batzuek ere zauria irekitzen baitiote, eguberri bereziki gorroto du. Familia bateratzearen inguruko emozio eraikiak dio orbaina mintzen. Doluaz gain, nola egingo duen mundu berri horretan ama ondoan izan gabe. Heriotzaren beldurraz eta nostalgiaren estalpean melankoliko pasatuko ditu hurrengo egunak.

Odeik bere buruari hiru egunez joateko parada gisa eskaintzen dio parentesi hau. Parisen du familia. Senide ia denak barreiaturik dira eta batzuk beste kontinenteetatik etortzen dira. Batzeko indar handia egiten dute garai honetan, urtean zehar komunikatzen ez badute ere. Besteek ez dakite deus Odeiz. Konparazione, ez dela ber herrikoa sentitzen, Euskal Herrian bizi dela eta ez Frantzian. Amaren hizkuntza alde batera utzi zuela eta beste ele bat hautatu zuela. Ez dakite, edo ez dute entzun nahi bere izaeraz beste egin duela.

Kristinak oraindik ez daki nola egin. Senar ohiaren familiara joan, seme-alabak eta beste senide guziekin batu edo etxean egon. Hark ez du gehiago gurasorik. Biak zendu ziren. Bere anaiek ez dute sekula eguberri ospatu harekin. Bakoitzak bere familia berriarekin pasatzen ditu gabonak. Baina aurten ez du bere burua ikusten parte zen familia horretara agertzen. Senar ohiak badu zenbait urte lagun berria duela. Kristinak ez dio inportantzia handirik ematen eta gustura pasatzen ditu momentu horiek. Aldiz, aurten hark du laguna, baina ez die haurrei erran. Orduan, hiru aukera ikusten ditu: usaian bezala ia ohia den familia berriarekin topatu, bere lagun berria haurrei aurkeztu eta familia berri bat osatzen hasi; edo haurrekin bakarrik ospatu.

Olivier-ek ez du jasan nahi, beste behin, ottoren diskurtsoa. Urtero entzun behar duena geroz eta pisuagoa zaio. Gainera, otto eri denetik, amatxirekin egunero egotearen ondorioz iduri du amatxiren burmuina kutsatu duela bere eskuin muturreko ideiekin. Ausartzeko aukerarik ere ez du ikusten Olivier-ek, eta jarraituko du familiako solteroa izaten. Etxean, badu zazpi urte Ibanekin bizi dela. Familiatik ezkutuan, bizi paralelo batean.

Arrosa betidanik etxeko potoloa bezala identifikatu zuten. Eta jaten duen gauza oro begiztatua da. Mahai inguruan diren gehiengoak baino kilo gehiago ukanez bere ahora ekartzen duen jaki bakoitza neurtzen du(te). Ttantta begano bihurtu denetik foie gras-ik ez da izango. Eskerrak. Normalean hark ditu toast horiek finitu behar. Nahiz eta jaten duen guzia epaitu, esaldi hau errepikatzen diote une oro: «Hartu azkena, gose izanen zara eta, zuk maite duzu hori». Alde ona, nehork ez dio galderik egiten bere bikotekideaz edo haurrez. Domaia, zeren beti amestu izan baitu denen aitzinean kontatzea bere neska-laguna nor den eta zergatik ez duten ama izan nahi eta nola hau hautu politiko kontziente bat den. Baina pentsatuko dute ezin duela hautu bat izan, baizik eta bere gorputzak harentzat erabakitako arrazoi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.