Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Akuiluak vs dominak

2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bihar 36 urte beteko ditut. Zuetako askok pentsatuko duzue ez dela bizi-iraupen deigarria. Beste batzuei irudituko zaizue 4 urte geratzen zaizkidala 40 urteko krisia pairatzen hasteko. Eta ezagutzen nauzuenek esango duzue iritsi zaidala gaztetasunaren komodina txitean-pitean aipatzeari uzteko tenorea, 36 zenbakia 30eko zorutik baino gertuago baitago 40ko sabaitik. Ez daukat zahartzearen traumarik; ez behintzat nerabetan Txikipark batera sartzea galazotu zidatenean hartu nuen danbatekoaren parekorik. Hala ere, denboraren joanak oharkabean gogoeta egitera behartu nau, nire adin bueltako euskal herritar batek honezkero zer ekarpen egin ahalko zukeen definitu nahian. Halaxe erabaki dut gazterik hildako euskal sortzaile zenbaiten palmaresak bilatzea: gazte hil arren, oroitu baditugu, izango da denbora laburrean jaraunspen gogoangarria ondu zutelako.

Gabriel Aresti 41 urterekin hil zen. Lehenengo liburua, euskal poesia sozialaren erreferentzia gorena, Harri eta Herri, 31 urterekin idatzi zuen. 31! Eta handik 8 urtera, beste batzuen ondoren, Lau teatro arestiar argitaratu zuen: 40 urte bete orduko estilo propioa izatearen kontzientzia publikoa zuen Barroeta Aldamar kaleko bizilagunak. Euskara Batuaren sustatzaile nagusietako bat izan zen ere, 23 urterekin euskaltzain urgazle izendatua. 23! Akuilu aparta. Izendapenik gabe ere, segur aski berdin-berdin egingo zuen euskararen aldeko lan eskerga, baina ondo dakigu zein erabakigarria izan daitekeen une egokian bultzada egokia jasotzea.

Jose Maria Usanditzaga 28 urterekin zendu zen. Lurtar askok oraindik bizitzaren zentzua usaindu ez duten garairako, musikari donostiarrak zarzuela, opera eta fantasiaz osatutako ondarea utzi zion munduari. Haren hileta-segizioko erretratuek argi erakusten dute gizarteak miretsitako erreferente gaztea zela konpositorea. Mendi-mendiyan (euskal opera nazionalaren sorrera askorentzat), Umezurtza edo Euskal festara euskal soinuteria partekatuaren melodia ezagunen iturburuak dira. Kale eta ikastetxe izena da harena gaur egun. Domina ederrak.

Juan Crisostomo Arriaga 19 urterekin hil zen. AEBetan bozkatzeko gutxieneko adinik ez, baina ia hogeita hamar sinfonia eta laukote konposatu zituen Bilboko Goienkaleko gazteak. Esklabo zoriontsuak opera 13 urterekin idatzi zuen. 13! Musikari aparta izan zelako jarri zioten hiriburuko antzoki nagusiari haren izena, baita parke handienean monumentua eraiki ere. Domina politak, horiek ere, baina... 19 urteko zein gazteren izena jarriko genioke gaur egungo eraikin garrantzitsu bati? 28 urteko zein gazterena ikastetxe edo kale bati?

Oharkabean dominen eta akuiluen arteko aldeaz jabetu naiz. Kultura handiak dominak eman zaleak dira: ibilbidearen amaieran edo hil berritan inbentarioa handitu dieten pertsona ospetsuen aintzatespena egiten dute izendapen, plaka eta parekoen bitartez. Kultura txikiek gauza bera egiten dute askotan, baina ez dakit ez ote den pentsamendu inperialistaren kutsadura hutsaren erruz. Izan ere, hobe lukete akuiluak erabili, gazterik kultura hori sustatzen diharduten ekintzaileen pizgarriak. Iragan gizaldikoak dirudite gazte sortzaile paregabekoen kondairek, baina ziur nago egun haienak bezain ekarpen gogoangarriak egiten ari den 30 urtetik beherako gazte euskaldun bat baino gehiago izango dugula. Euskal kulturak Aresti, Arriaga eta Usanditzaga gehiago behar ditu, gaztetatik euskal sorkuntza bultzatuko duten talentuak, eta halakoak sortzeko akuiluak behar-beharrezkoak ditugu. Egin ezean, kasualitatez sortuko zaizkigu erreferente gazteak, eta... Gu ez gara gaztelania edo frantsesa, ez ditugu milioika aukera sortzaile handiak izateko; ezin dugu XXII. menderako bidaia-txartela erosia bagenu bezala ibili, ez baitakigu zein izango dugun azken urtebetetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.