«Bidaia emozional bat da»

Ados Teatroak 'Igel euria' ondu du, «desoreka mentalen bat» dutenen biziera ardatz
<em>Igel euria</em> antzerki obran lau aktore aritzen dira. Argazkian, antzezleetako hiru ageri dira, entsegu batean.
Igel euria antzerki obran lau aktore aritzen dira. Argazkian, antzezleetako hiru ageri dira, entsegu batean. ADOS TEATROA Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin -

2020ko otsailak 15

Haize bolada bortitz bat, tornado bat, eta horien eraginez sortutako fenomeno meteorologiko bat. Horixe da igel euria, eta, sarritan, euri zaparradekin batera ere gerta daiteke. Haizeon ondorioz, animaliak bat-batean haize-lasterrean harrapatuta geratzen dira, eta, horrela, distantzia handi batera arrastatzen ditu. Fenomeno bat izateaz gain, baina, antzerki obra bat ere bada Igel euria. Ados Teatroak sortu du. Egileen hitzetan, «desoreka mentalei» buruz hitz egiten du antzerkiak. Joan den abenduan estreinatu zuten, Antsoainen (Nafarroa), eta gaur bigarren saioa egingo dute, Donostian, euskaraz: Lugaritz kultur etxean izango da.

Garbi Losada arduratu da obra zuzentzeaz, eta hari laguntzen jardun du Amaia Lizarralde idazle eta aktoreak. Lizarralderen ustez, fenomenoaren metafora bat da antzezlana: «Desoreka mentala fenomeno hori bezalakoa izan daiteke; izan ere, ohartarazi gabe harrapatzen zaitu, ustekabean, eta, igel horietako askoren kasuan bezala, mundu arrotz eta urrun batean harrapatzen zaitu». Hala, gaixotasun mentalen bat duten pertsona horien errealitatea eta egunerokoa taularatzea izan da xedea: «Ados Teatroko kideak konturatu ziren horrelako gauzak kontatu egin behar direla. Istorio horiek arte eszenikoen bitartez azaltzea garrantzitsua dela uste dugu».

Sormen laborategi batean sortu zuten antzezpena, iaz, Giza Eskubideak Eszenara izena duen egitasmoan: «Laborategi horretan, gaixotasun mentalen bat diagonostikatua duten hamalau pertsonarekin egon ginen, eta haiekin elkarlanean sortu dugu ikuskizuna». Laborategi horretan landutako gai guztiak bildu, irakurri, eta ideia horietatik abiatuta sortu dute Igel euria. Lau aktorez osaturiko obra bat egin dute: hiru aktore profesional eta gaixotasun mental bat diagnostikatua duen antzezle bat. Lizarralderen hitzetan, ez da lehen aldia Ados Teatroak gisa horretako gai sozial bat taularatzen duena: «Antzeko hiru muntaia egin ditu konpainiak. Horietako bat, Gizakia Helburu fundazioan dauden pertsonekin; gizarteak apur bat baztertu ohi dituenekin». Lizarraldek adierazi duenez, oso inportantea da horrelako gaiak agertoki gainean jartzea eta plazaratzea.

Barre zein negar egiteko

Bi ildo paralelo gurutzatzen dira antzezlanean, eta orainaldia eta iragana tartekatuz garatzen da: «Alde batetik, gaixotasun mental bat duen pertsona baten istorioa kontatzen da, lehen sintometatik hasi eta orainaldiraino, eta bere desorekaren prozesua islatzen da apurka-apurka. Bestetik, haren iraganera egiten dugu jauzi, eta flashbacken bitartez ikusten da hori». Lizarraldek dramaren arloan kokatu du obra, baina umore ukituak badituela aitortu du. Hala ere, etengabeko bidaia bat dela esan du: «Bidaia emozional bat da. Une batzuetan barre egiten duzu, eta beste une batzuetan, negar». Gogoeta egiteko parada bat dela ere ondorioztatu du: «Azkenean, emanaldia ikusi ostean, ohartzen zara gaixo gisa ikusi ohi ditugunak pertsonak direla, eta hori inportantea da. Sistemari buruz ere hitz egiten du; lehen sintomarekin hasten dira, eta zaintzen dituzten unera arte zenbat gauza egin eta zenbat ostikada eman behar dituzten ikusten duzu, zenbat oztopori egin behar dioten aurre».

Obraren ezaugarri bisualei eta teknikoei dagokienez, «bizirik» dagoen antzezlan bat dela azaldu du Lizarraldek. Zuzeneko lana grabazio batzuekin uztartzen da, eta irudi horiek «oso bereziak eta txundigarriak» direla esan du: «Une batean itsasertzean zaude, eta bat-batean logela batean... eta benetan magia hori lortzen dute irudiek. Gainera, bizkor-bizkor izaten da; toki batean zaude, eta gero bestean». Musikaren zama literarioa ere goratu du: «Oso giro desberdinetara eramaten zaitu». Datozen hilabeteetan antzoki ugaritan emango dute Igel euria.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Inma Moro, Itziar Llanera eta Begoña Olaskoaga, Arrondegiko osasun etxean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aztarnariak zaintzaile

Maite Asensio Lozano

Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.

PCR proba bat, Donostian. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.

Miren Basaras, EHUko COVID-19aren Zaintza Batzordeko arduraduna. ©EHU

EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun

Mikel O. Iribar

Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da. 

Moto gidari bat gaur goizean, herritik ateratzeko kontrolean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Sarbideak itxita eta kaleak hutsik Azkoienen

Berria

Normaltasuna izan da nagusi konfinamenduaren lehen orduetan. Herritik irten diren ia denak lan arrazoiengatik irten direa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna