begona del teso
IRITZIA

Golema maite zuen andrearen artaziak

2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Hitz egin genezake gure etxe ondoko zinema aretoak noiz irekiko duten itxaron ez duenParking filmaz.

Jendearengana ziztu batean, ahalik eta azkarren, ahalik eta sasoi onenean iritsi nahi izan du Tudur Giurgiuren Errumaniaren eta Andaluziaren arteko ekoizpen mingots eta txiki honek. Proiektuan buruz, belarriz, bihotzez eta kameraz jardun duten guztiek jakin bazekiten, ederki asko jakin ere, aitortze solidarioagoa eta errekonozimendu beroagoa izango zuela filmak gure etxe barruko zinema saloietan sartuz gero.

Horren izen itsusia jarri dioten Egunerokotasun berri horretan, edukiera arras mugatua izango duten areto komertzialetara iritsiko diren estreinaldi erraldoiek zanpatuko lukete, dudarik ez, ipuin hauskor hori. Gupidarik gabe irentsi ere.

Bestalde, ikuskizun handien gose eta egarri den ikusleriak ez du, zinemak irekitzen direnean, izkina hartako azken areto txiki-txikian sartzeko apetarik izango. Ahalik eta pantailarik zabalenen guran eta txirrintan sumatzen ditugu askok estreinaldi jaleak

Parking ez da perfektua. Eskerrak. Badu, alta, ikuslearengan majo, min sakonik eman gabe, txertatzen den tristezia epela. Bizirauten zazpi ahaleginetan ari diren horiei ohi darien bizitza petral horri eusteko alegrantza samina. Errumaniarra da protagonista. Etorkina. Poeta. Aire eta gau librean den kasik legez kanpoko kontzesionario bateko zaintzaile gaizki pagatua, lau kotxe ziztrin salgai duen jabe kasik jator baten isil-mandataria.

Maite ditu zuzendariak bere pertsonaiak. Pelikulak inspirazio duen nobelaren autoreak nola. Marin Malaicu Hondrari da bera, eta gidoigile ibili da pelikulan, bere lana zinemara egokituz. Bastante ondo, bide gehiegi irekitzen badu ere, noranzkoa zein erabaki ezinean.

Bisualki da indartsua filma, eta gustura ikusten den zeluloide samingoxoa dugu, duzue.

Baina oraingo honetan ezin galduzko aukera arras bestelakoa da. Plataforma bera partekatzen du Parking-ekin. Diferentzia batekin. Estreinaldia denez, aretorik zapaldu (ko) ez duten horietako perla izanik, Filminen sartu bezain pronto aurkituko duzue film errumaniar-andaluziar hau. Aldiz, Lotte Reiniger nor zer eta zer egiten zuen jakin nahi izatera, ur sakonagoetan sartu behar, esploratzaile lan eta afanetan ibili behar, eta antzinako zinemarekiko atxikimendu edo lilura berezia izan behar. Horrela joz gero, horrelakoxea baldin bada zeluloidearekiko zuen pasioa eta engaiamendua, zinez diotsuet hoberik ez duzuela aurkituko deskonfinamendua bukatu arte.

Lotte Reiniger zuen izena BERRIAko orrialdetara dakarkizuedan zinegileak. 1899n jaioa. Berlinen. Non eta Alemaniako espresionismoaren sehaskan. Non eta Murnauren, Caligariren eta bezalakoen hirian. Non eta Der Golem filmatuko zuen Paul Wegenerrengandik ez oso urruti.

Trebea zen Lotte eskulanetan. Trebea txotxongiloak egiten eta mugitzen. Trebea itzalekiko jolasetan. Trebea artaziekin. Trebea marrazten. Der Golem estreinatu orduko, arras zoratua, bere burua eskaini zion Wegenerri. Berarekin nahi zuen lan egin. Errefusatu besteak. Zuzendaria izateaz gain, arte jaio berria zen zinemaren ikusle lehenbizikoen estimua jasoa zuen Paul hark. Temoso jarri Lotte, zinemagileak amore eman arte. Animaziozko pieza batzuk behar zituen pelikula baterako. Lottek egingo? Nola ez?...

Horrela hasi zen zinema munduan txotxongiloak, lapitzak, antzerkia, dantza, sua erraz asko hartzen zuten zeluloide puskak, Mozart eta ipuinak maite zituen neska berlindarra.

24 urte baino ez zituela, egun Vimeon ikusgai eta dastagarri dagoen, seko liluratzeko modukoa den Die Abenteuer des Prinzen Achmed harribitxia burutu zuen.

100.000 irudi sortu zituen, 80 minutu dirauen animaziozko mirari honetarako; 25 segundoko. Walt Disneyk marrazkiak animatzen hasi baino bi urte lehenago gauzatu zuen oraindik ere parekorik ez duen altxor hori.Bere hondoan argia zuen mahaia erabiltzen zuen lanerako. Kristal baten gainean artaziez egindako siluetak jarri eta filmatu. Horren sinple, horren sorginkeria galanta.

Dentelazko soslai ederrak, parpailazko kreatura itzelak ziruditen eta egun ere diruditen printzeak, maitagarriak, hegan egiten duten zaldi mekanikoak, Damaskoko ate ederrak, paradisuko txoriak... Begiak bete lilura eta bihotza sorpresaz blai duzuela ikusiko dituzue 79 urte bete arte Lottek sorturiko amets horiek, Filminen dituzuen horiek

Tim Burtonek eta Pixarrekoaztiek egin dizkiguten opari zoragarri horiek guztiak bezain markaz kanpokoak, mimo handiz ikuslea zorabioan murgilarazteko ahalmena galdu ez duten animaziozko erregalu berdingabeak, non ohiko ipuinak aspaldi zaharrean kontatzen ziren bezala kontatzen diren, beren krudelkeria eta edertasun osoz eta osoan. Ikusiko duzu, esaterako, Errauskineren ahizpa bere oina labanaz mozten, printzeak ekarritako zapatan erraz sar dadin; ikusiko kolpe batez zazpi hil zituen josle adoretsua ez zela guk pentsatzen genuen bezain jatorra. Ikasiko ipotxik ez zela Edurne Zuriren kristalezko zerraldoaren inguruetan...

Hitler ez zuen maite Lottek. Ezta konplize eta lankide zuen senarrak ere. Urteetan zehar ibili behar izan zuten Europan barna aterpe bila, baina, bidean zirela ere, jarraitzen zuen Lottek lanean. Lotte Reiniger, Eduardo Artazi eskuak maitatuaren irakaslea izan zelakoan nago ni. Eta horrela ez bada, sar dadila kalabazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.