Noiz sortua: 2020-06-24 00:30:00

IRITZIA

Haizeak eramana, onkeriak baztertua

<em>Gone With The Wind</em> egun batzuez kendu du bere eskaintzatik HBO Max plataformak.
Gone With The Wind egun batzuez kendu du bere eskaintzatik HBO Max plataformak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Begoña del Teso -

2020ko ekainak 24

Maite dut nik biziki Muhammad Ali. Boxeolaria, pertsona eta pertsonaia. Oldarkor jo zuen, hartu zituen erabaki guztietan. Bakearen, Malcolm X-en, eskubide zibilen alde. Vietnamgo gerraren kontra. Maite dut nik. Biziki.

George Floyd Minneapolisen erail zutenean, Nina Simonek 1964an sortutako Mississippi Goddman kantua antzeman nuen AEBetako karriketan.

Beste hilketa baten aurkako orroa da; 1963an zuri miserable batek akabatu zuen Vietnamgo gerraren beteranoa zen Medgar Evers. Handik gutxira, lehergailu batek egin zuen eztanda Alabamako eliza batean eta lau ume beltz hil. Ninak «aski da!» oihukatu zuen, eta Mississippi Goddman konposatu. Abesti latz, gordin, gazia, laster bilakatu zen borroka ereserkia. Maite dut nik bere herriarekin haserre bizian, Frantzian aterpe aurkitu zuen musikari fin hori, zauriz josita zena. Biziki maite.

Estatu Batuetan George Floyd hil eta geroko errebolten berri izan bezain pronto, Billie Holidayen Strange Fruit entzuteko premia sentitu nuen. Hitzak ez badituzu oso kontuan hartzen, ederra den Hegoari eskainitako kanta dirudi; aipatzen da magnolien lurrina eta itsasotik datorren haize leuna. Baina berbek islatutako irudia askoz zakarragoa da. Arbola horietako fruitu arraroa arrazistek lintxaturiko beltzen gorputzak dira, haizeak mugitzen dituenak, beleek mokokaturik, euriak erdi usteldurik.

Sarean badago aspaldi-aspaldiko filmaketa bat. Bertan, Billiek Strange Fruit kantatzen du. Alboratu nahi ez duen errabiaz jantzita. Maite dut nik, biziki maite, heroinak, etsipenak eta tristeziak jota hilko zen bluesaren Andere Txit Gorena.

Ulertzen dut beltzen mendeetako sumindura. Ulertzen dut itxaropenik eza, inorengan konfiantza ez izate hori. Ulertzen dut protesta egitea armak eskuetan dituztela.

Ulertzen dut dena. Baina ez naiz beltza, baina ez naiz inoiz bizi izan beti sutan den Mississippi haren ertzean.

Badakit ere gure euskal arbaso batzuek esklaboekin egin zutela gaurko herenilobek xahututako ondasuna. Adibiderik nahi? Gure errespetu osoa duen Ivan Zulueta zinema zuzendariaren zenbait aurrekok.

Ulertzen dut Estatu Batuetako eta Europako beltzek gizakien salerosketan ibilitakoen estatuak lurrera botatzeko duten premia. Nahiz eta trafikari horiek aberri anitzen fundatzaileak izan ere. Spike Leek dioen moduan, George Washingtonek 124 esklabo zituen…

Baina, aldi berean, lelokeria galanta, kontzientzia zuriketa merkea eta sorginen ehiza modernoa baino ez den zuzentasun politikoak gidaturiko faltsukeria deritzot HBO Max plataformak Gone With The Wind filma bere katalogotik kendu nahi izateari, arrazista dela leporatuz.

Ulertzen dut beltzek mendeetan zehar zigorrak urratutako haragia eta destainak mindutako arima bizitan izatea. Baina gutxiengo edo gehiengo bati min ematen dion guztia ezabatzeak, izkin egiteak, deus ez du balio.

Ez mundua ez Artea ez dira inoiz politikoki ortodoxoak izan. Ezta errugabeak ere. Denak gara gure garaietako seme-alabak. Besteak haien garaietakoak izan ziren nola. Ezin dugu gaurko pentsamoldearekin berraztertu aspaldiko istorioak, antzinako jokabideak, aurreko mendeetan esandakoak.

Alferrik da. Are okerrago, gu baino lehen, kamera lepoan edo pintzela eskuetan ibilitakoek egindako akatsak zuritzeko intentzioekin, edo minduta diren horien barkazioa lortu nahian hartzen ditugun erabaki leuntxo horiek faltsukeria hutsa dira. Ezer gutxi sendatzen duten adabaki bigunak.

Gaur, pelikula kasik guztietan, detektibeak emakumeak dira, eta administrazio kontseiluetan exekutibo beltzak daude. Ondo baino hobeto dakigu, alta, benetako bizitzan ez dela horrela suertatzen. Zuzentasun politikoaren izenean, errealitatea islatu ezean, inor minduko ez duen ipuin gezurrezkoa proposatzen dugu, digute.

Gone With The Wind ez da kulpantea. Eta kulpantea balitz ere, katalogoan iraun behar zuen. Garai bateko testigantza eskainiz. Griffithen The Birth of a Nation arrazista da oso. Baina zinemari eman zion behar zuen estreinako tornuya.

Zinema hizketan eta kantan hasi zeneko lehendabiziko pelikulan, aktore judu batek antzezten zuen, aurpegia beltzez tindaturik, protagonista. Garai haietan esklaboen ondorengoak ezin zirelako pantailan agertu. Filmategietatik kenduko dugu hau ere?

Ez. Gone With The Wind-ek ez zuen George Floyd akabatu. Ezta Sofia Coppolaren The Beguiled hartan agertzen ziren Estatu Batuetako hegoko andereño fin horiek ere, sexuaren egarriz, etsaiaren gorputzaren desiraz zeuden horiek.

Thank You for Smoking film interesgarrian, batere garbia eta batere gardena ez den eta errotik fundamentalista den senatari batek tabakoaren kontrako gurutzadari ekiten dio. Zigarrorik edo zigarretarik agertzen den film guztiak interbenitu nahi ditu, eta eszena horiek moztu edo itxuraldatu. Kazetari batek ea Historia aldatu nahi duen galdetua, zera erantzuten dio: «Aldatu? Ezta pentsatu ere; guk Historia hobetu nahi dugu».

Dylan erratu zen, garaiak ez dira, askorentzat, aldatu. Nina edo Billie bizirik baleude, kantatu zutena kantatuko zuten egun. Zer konponduko dugu Scarlett O'Hara gure playlist/zerrendatik kentzen?

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna