Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Jainkoak makillatuko du

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
'The Eyes ofTammy Faye'

Zuzendaria: Michael Showalter. Aktoreak: Jessica Chastain,Andrew Garfield. Herrialdea: AEB. Iraupena: 126 minutu.

Ameriketako Estatu Batuak, Jaungoikoaren hitza zabaldu; errua, errefusa eta mina. Mina sendatzeko, berriz, maitasuna, bedeinkatua izan bedi jauna, oh Jesus! Emaguzu egun honetako ogia, bazka, bisoizko berokiak, etxetzarra eta yatea. Aleluia! Hau Amerika da, alajaina!

Showalter zuzendaria gertakari errealetan oinarritu da Tammy Faye eta haren senar Jim Bakker telebista predikatzaileen bizitzari buruzko biopic-a ontzeko. Umetatik jarraituko dugu Tammy Faye ekoizpen aberats honetan. Txikia zela amak baztertzen zuenetik abiatuta, predikatzaile gisa jorratzen duen bidearen eta gainbeheraren ikusle izango gara.

Film gozagarria da, emozioz zipriztindua, estetikoki zuzena. Produktu oso salgarria, eta beste inguru batzuetan saritzeko modukoa, seguruenik. Tonya Hardingen tankerako AEBetako pop kultura hurbileko beste mitoetako bat irudikatzen du. Eskertuko nuke, ordea, I, Tonya-ren ausardia, tamalez, Tammy Fayerenak ez duelako hainbeste konbentzitzen. Pertsonaia guztiz maitagarriaren erretratua da, harekin sufrituko dugu, baina hain dago makillatua, ez dela istorioan behar bezainbeste murgiltzen; azaleko formula erabiltzen du, purpurina, neoiak, betile faltsuak eta ezpainetakoa. Estetikaren kontrako ezer ez dut adieraziko, baina ekoizpenaren kalitatea ez dago sortutako lanaren maila berean, eta nabaria da.

Jessica Chastainek izugarri ongi egiten du protagonistaren rola; urtez urte makillaje eta margoen azpian ezkutatzen ikusiko dugu, metamorfosi ezin hobean. Makillaje eta arropa departamenduak goraipamen berezia merezi du, estetika, estiloa eta urteen igarotzea irudikatzeko izan duen maisutasunagatik. Kitsch festa izango da, Jaungoikoak barka gaitzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.