Jarrera aldatzeko eskatu diote patronalari Bizkaiko metalgintzako sindikatuek

Langileekin enpresaz enpresa batzarrak egin ondoren jakinaraziko dute berriro grebara deituko duten ala zer beste protesta egingo duten

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek agerraldia egin zuten, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintza astebetez gelditu ondoren iritsi da sindikatuen balorazioa: langileen erantzuna oso ona izan zen, eta sektorea geratu egin zuten. Orain gatazkari irtenbidea emateko hurrengo urratsa patronalak eman behar duela adierazi zuten atzo ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuek elkarrekin gindako agerraldi bateratuan. Eskatu zioten FVEM patronalari negoziazio mahaira deitu ditzala eta «eduki errealak» proposa ditzala. Greben aurretik egindako eskaerek bere horretan jarraitzen dute sindikatuen aldetik, eta horien inguruko proposamenak egiteko eskatu diote patronalari.

Udako etenaren ostean, hiru hilabetez mahaiaren bueltan eseri gabe egon ziren bi aldeak, eta, ordura arte, sindikatuek FVEMi leporatu izan zioten ez zeukatela euren proposamenentzako erantzunik. «Behin bakarrik erantzun du, eta, orduan, sindikatuon eskarien guztiz kontrako puntuak jarri ditu mahai gainean. Noiz egin zuen hori? Irailaren 23an». Astebeteko greba deialdirako egun gutxi falta zirela. Lanuzteak, beraz, jarrera hori aldatzeko eraginkorra izan zirela uste dute.

Baina beharginek sektorea gelditu aurreko egunetan patronala sindikatuekin bildu zenean, behin eta berriro esan zien «mehatxupean» ari zirela negoziatzen. Bada, galdera egin zioten patronalari: orain lanuzterako deialdirik ez baldin badago ea zergatik ez duten biltzeko deialdirik egiten. «Oso esanguratsua da». Sindikatuek zein Lan Harremanen Kontseiluak ez daukate gaur- gaurkoz hurrengo bilerarako datarik.

Astebeteko grebaren ondoren, zortzi sindikatuek azterketa bateratua egin zuten, eta hurrengo urratsak zein izango diren erabakiko dute datozen egunetako langile batzarretan. Argi utzi nahi zuten ez dutela inongo aukerarik baztertzen. Alegia, berriz ere greba egiteko aukerari ez diote muzinik egin oraingoz. Sindikatuen arteko batasuna alde horretatik irmoa dela ere nabarmendu zuten.

Izan ere, sindikatuetako ordezkariek azaldu zutenez, eurek nahi dutena da «hitzarmen duin» bat lortzea. Greba egunetan patronalak behin eta berriro jarri du zalantzan sindikatuen negoziatzeko borondatea, eta iritzi hori bera partekatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere. Haiei erantzunez, sindikatuek ziurtatu dute eurek dutela akordio bat lortzeko interes handien, besteak beste, «baldintza prekarioak» eurek jasaten dituztelako.«Negoziatzeko borondatea daukagu, baina baita mobilizazioari eusteko beharra ere».

Herriz herriko mozioak

Metalgintzako langileek euren gatazka sozializatzeko asmoz urrats ugari egin dituzte azken asteetan. Mobilizazioetan eragile sozial askorekin batera atera dira kalera, eta Bizkaiko hainbat udaletan ere «itun duin» bat lortzearen aldeko mozioak erregistratu dituzte. Durangon eta Lemoan, esaterako, onartu egin dituzte EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin. EAJ, PSE-EE eta PPren jarrera salatu dute sindikatuek, kasu batzuetan ez baitute eztabaidarako ere onartu. Oraindik erabakitzeko dago Bilboko Udalean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan zer gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.