Urrearekin kendu du arantza

Lucas Egibarrek Snowboardcrosseko Munduko Txapelketa irabazi du, azken zuzengunean

Lucas Egibar, eskuinean, helmugako arrastoa gainditzen. Helmugako argazkiak erabaki zuen hura zela txapeldun. ANDERS WIKLUND / EFE.
Julen Etxeberria Ainara Arratibel Gascon
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun

«Ezin dut sinetsi. Leher eginda nago, baina hau amets bat da. Etxekoak ditut batez ere gogoan»: Lucas Egibar hala mintzatu zitzaion atzo BERRIAri, snowboardcrosseko munduko txapeldun izan berritan, dopinaren aurkako kontrola pasatzeko zain zela. Ederki sufritutako garaipena izan zen, atzetik aurrera eginda lortutakoa. Horri esker, duela bi urteko txapelketako arantza kendu ahal izan zuen, eta datorren urteko Neguko Olinpiar Jokoei itxaropenez begiratu.

 

Handia egin zuen atzo Egibarrek finalean. Izan ere, azken zuzenguneari ekin aurretik hirugarren zen. Alessandro Haemerle austriarra eta Eliot Grodin kanadarra zituen aurretik. Baina azken zuzengunean, azken jauzietan, abiadura bizia hartu zuen donostiarrak, eta aurkariei aldea kentzen hasi zen. Harrapatu egin zituen biak, baita pasatu ere. Horren estua izan zen amaiera, ezen helmugako argazkia ikusi behar izan baitzuten epaileek. Baina ez zuten zalantzarik izan, eta Egibarri eman zioten garaipena. Orduan lehertu zen donostiarra. «Banekien azken zuzengune horretan zegoela gakoa, abiadura handia hartzen baitzen, eta banekien horraino lehen postutik gertu eta erori gabe iritsiz gero, aukera izango nuela. Halaxe izan da. Teknikoki ibilbide konplexua zen, eta horrek mesede egiten zidan. Atzetik nentorrela, pentsatu dut arriskatzeko unea zela, eta hor egon da gakoa. Ez dakit nola lortu dudan. Izan ere, finalerdietan ia ezin nuen ibili; mugitzen lagundu behar izan didate».

Sufritutako garaipena izan zen, baina guztiz merezitakoa, sekulako lana egin baitu Munduko Txapelketan, hasi eta buka. Asteartean, hirugarren denborarik onena egin zuen sailkatze proban. Haemmerle eta Merlin Surget frantziarra bakarrik izan zituen aurretik. Atzo, berriz, jokatu zituen lau lasterketak irabazi zituen: final-zortzirenetakoa, final-laurdenetakoa, finalerdietakoa eta finalekoa. Guztietan izan zen azkarrena. «Finalean, edozeinek irabaz zezakeen. Gure kirola oso eroa da, eta eroriko edo akats txiki batek hankaz gora jartzen du lan guztia».

Garaipena sekulako bultzada da Egibarrek dituen hurrengo erronkei begira, batez ere datorren urteko Neguko Olinpiar Jokoetarako. «Ni jakitun nengoen onenen artean egon nintekeela; behin baino gehiagotan erakutsi dut. Baina egia da azken txapelketa handietan ez nintzela emaitza onak lortzen ari, aipatutako eroriko edo akatsengatik. Denboraldia ere ez nuen ondo hasi, baina garaipen honek sekulako konfiantza ematen dit». Hala ere, bazuen kezka txiki bat: «Salto batean keinu txarren bat egin dut, eta bizkarrean dezenteko mina daukat. Ea ez den ezer, datorren astean Munduko Kopako proba bat baitut Austrian». Atzoko garaipena ospatzeko denbora gutxi izango du, horrenbestez, Egibarrek. «Gaur zertxobait gozatuko dut, baina bihartik aurrera Austrian pentsatzen hasi behar dut. Hilabete falta zait, dena den, denboraldia amaitzeko, eta orduan izango dut aukera Donostiara bueltatu, eta gaur lortutakoaz patxadaz eta gertukoekin gozatzeko».

Seigarren domina

Atzo irabazitako urrezko dominarekin, Egibarrek duela bi urte Park Cityn (AEB) jokatutako Munduko Txapelketako arantza atera du. Orduan ere oso lan ona egin zuen: finalera iritsi zen, beste hiru lehiakiderekin batera, baina azkena sailkatu zen, eta esku hutsik geratu zen, dominarik gabe.

Kolpea izan zen, bi urte lehenago handia egin baitzuen Sierra Nevadan (Espainia) jokatutako ekitaldian: bi domina irabazi zituen orduan, zilarrezkoak biak, banakako eta taldekako lehian. Aurretik ere balentria egina zuen, 2015ean Munduko Kopa irabazita.

Euskal herritar batek munduko txapelketetan irabazitako seigarren domina da Egibarrena. Hark irabazitako hiru dominei Xavier de la Rue baionarrak aurretik irabazitako hirurak gehitu behar zaizkie. Hark ere snowboardercrossean eskuratu zituen: bitan izan zen munduko txapeldun (2003an eta 2007an), eta behin txapeldunorde (2009an).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.