Doinu zeltan galdutako arimak

Loreena Mckennit abeslari kanadarrak 'Lost Souls' diskoa aurkeztuko du gaur Donostian

Loreena Mckennit abeslari kanadarrak emango du Kursaal Eszenaren denboraldi honetako azken kontzertua. BERRIA.
Donostia
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
«Nik bera bainoago, musikak aukeratu ninduen ni», dio Loreena Mckennit (Morden, Kanada, 1957) abeslariak. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, musika zeltaren erreferente bihurtu den kanadarrak kontzertua emango du gaur Donostiako Kursaalean. Kursaal Eszenaren denboraldi honetako azken emanaldia izango da honako hau, eta sarrera guztiak amaituta daude. Ez da bakarrik arituko: Brian Hugues (gitarra eta bouzouki zelta), Caroline Lavelle (txeloa), Hugh Marsh (biolina), Dudley Philips (kontrabaxua) eta Robert Brianek (bateria) emango diote erritmoa McKennitten ahots sopranoari. Bere ibilbideko kantarik ezagunenak gogora ekartzeaz gain, Lost Souls (Arima galduak) lana aurkeztuko du.

Diskoa, joan den urteko maiatzean argitaratu zuen, 1985ean musikariak berak sortutako Quinlan Road diskoetxearen laguntzaz. Azken disko horrek, kantu berriez gain, aspaldi egindako abestiak ere biltzen ditu: «Kantuok, batzuetan, arima galduak iruditu izan zaizkit, ez baitzuten topatu beren lekua nire aurreko diskoetan». Kantuek duten izaerak eman dio izenburua diskoari, Lost Souls. Ronald Wright idazlearen A Short History of Progress (garapenaren historia labur bat) liburuan ere oinarritu da bere azken lana izendatzeko; izan ere, idazleak dio garapenak gizakien gaitasun morala galarazi duela, eta arima galdu bilakatu direla.

Hamabi urte pasatu dira azkenekoz berak konposatutako kantez osatutakodiskoa atera zuenetik (An Ancient Muse, 2006). 2010ean The Wind that Shakes the Barley lana plazaratu zuen, baina horrek abesti zelta eta irlandar tradizionalak biltzen ditu.Aurretik egindako diskoak baino «lan gutxiago» eman dion arren, azken lanak «ikuspegi praktiko eta sortzailea» duela azpimarratu du. Hala ere, musikaria arduratuta agertu da hainbat urtez ezer plazaratu gabe egoteagatik: «Nire ibilbide musikalaren unerik zailenak izango dira ziurrenik, jendearengana nola iritsi jakiteari dagokionez».

Abeslari kanadarra antzinako garaiez mintzo da diskoan, baita gizakiak betidanik izan dituen galderez eta horrek naturarekin duen lotura estuaz ere. Ideia horiek guztiak nahastu, eta bidaia bat balitz bezala kontatzen ditu: «Ez gaude galduta, beharbada etxera itzultzeko denbora luzea hartzen ari gara».

Musika zelta nagusi den arren (Ages Past Ages Hence), espainiar eta arabiar kutsua duten kantuekin itzuli da. Daniel Casares eta Miguel Ortiz musikarien laguntzaz osatu du Spanish Guitars and Night Plazas, Mediterraneora gerturatzen duten erritmo flamenkoez osatutako kantua. Sun, Moon and Stars abestia egiteko, aldiz, Moldaviako kantu tradizional batean oinarritu da. Bertan, desertuko elementuez mintzo da: «Luzaroan, mundu zerutiarrak eta fisikoak izan dira erreferentzia puntuak gure nabigaziorako».

Hainbat abesti osatzeko, John Keats (La Belle Dame Sans Merci) eta William Butler Yeats (The Ballad of the Fox Hunter) idazleen poemetan oinarritu da. Lehen Mundu Gerran hil zirenei ere omenaldi bat egin nahi izan dieBreaking of the Sword kantuan. Manx Ayre pieza instrumentala Ana Alcaide musikariaren laguntzaz osatu du; izan ere, artista kanadarrak nyckelharparen doinuak txertatu nahi izan ditu bere azken diskoan. Artista madrildarrak duen «talentu aparta» nabarmendu du Mckennitek.

30 urteko ibilbidea

Nazioarteko kritikariek laudatu egiten dituzte Loreena McKennitten lanak. Musika zeltaren erreferenteak, hamalau milioi diskotik gora saldu eta ehunka kontzertu eman ditu hamabost herrialdetan. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean,estudioan egindako zazpi grabazio, zuzeneko kontzertu baten DVDa eta bi dokumental egin ditu. Bi aldiz izendatu dute Grammy sarietan eta beste hainbat irabazi ditu, tartean, Kanadako musika sari ezagunak, Juno direlakoak: lehena 1992an lortu zuen, The Visit diskoagatik; bigarrena, aldiz, 1995. urtean The Mask And Mirror lanagatik. Musikan ez ezik, giza eskubideen defentsan ere aritu da hainbat urtez Mckennit, eta karitatezko hainbat egitasmoren sustatzailea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.