Euroeskualdeko sortzaileen lanak ezagutarazteko lankidetza ituna egin dute

'Aquitaine.eus' programa sortu dute Etxepare institutuak, EKEk eta euroeskualdeak.Antzerki arloko eragileen topaketak iragarri dituzte

Etxegoin, Berge, Anton eta Goenaga, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeak osatzen dute Akitania-Euskadi euroeskualdea. Nafarroak egina du kide izateko eskaera, eta, ongi bidean, aurten izango da partaide. Harekin, bederatzi milioi biztanleko eskualdea bilakatuko da —Europako Batasuneko biztanleen %2—. Politika propioak garatzeko moduko neurria, Mathieu Berge elkargoko lehendakariordearen ustetan. Sustatzaileen esanetan, lurraldearen garapen ekonomiko, sozial eta kulturala ditu xede, baita bertako herritarren arteko loturak indartzea ere. Horretan, elkarren ezagutzak eta kulturak oinarrizko rola betetzen dutela uste dute. Asmo horrekin, lankidetzarako hitzarmena sinatu du euroeskualdeak Etxepare institutuarekin eta EKE Euskal kultur erakundearekin. Aquitaine.eus izena jarri dioten programarekin, lurraldeko kultur eragileen arteko harremanak sustatu, eta artisten lanak ezagutarazi eta zabalduko dituzte. Antzerkiaren eta literaturaren arloei lotuta, hainbat jarduera iragarri dituzte.

Programak bi urteko epea eta 67.000 euroko aurrekontua izango dituela azaldu du Mikel Antonek, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak. Haren muinean sortzaileak egongo direla gehitu du Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendariak, eta «joan-etorriko bidaia» gisa definitu du, bateko eta besteko artistak ezagutaraztea eta eragileen arteko harremanak sustatzea izango baititu xede. Horretarako, antzerkiaren arlotik hasita, Donostiako dFeria jaialdian erakutsiko diren lau obra frantsesera itzuli dituzte —Tanttakaren Musu bat; Kukairen Oskara; Tartean Teatroaren Zergatik Jamil? eta Borobil Teatroaren Jokoz kanpo—, Akitaniako programatzaileek goidatziekin ikusi ahal izateko. Jaialdi berean, hilaren 8an, topaketa egingo dute eskualdeko instituzio eta kultur erakundeek.

Beste topaketa bat egingo dute Leioako Umore Azokan, maiatzaren 19tik 22ra, euskal-akitaniar programatzaileen eta profesionalen artean. Ekitaldi horrek abuztuan izango du trukea beste norabidean, programatzaile eta profesionalen arteko bilkura bat egiteaz gain, gutxienez hiru euskal talde izango baitira Fest'Arts Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdiko egitarauan, Libournen. Horrez gain, euskal konpainia batek egonaldi artistikoa egingo du han. Halaber, Pantxoa Etxegoin EKEko zuzendariak azaldu duenez, erakusketa bat, tailerrak eta hainbat euskal musika talde programatuko ditu Bordeleko Le Rocher de Palmer kulturguneak udazkenean, eta euskal dantzari buruzko Soka erakusketa ere ikusgai izango da Akitaniako hainbat hiritan.

Literaturari dagokionez, berriz, euskal idazle bat Bordeleko liburu azokan izango da apirilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.