KRITIKA. Musika

Straussen apnea

2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: R. Straussen Metamorphosen eta W. A. Mozarten 41. Sinfonia, Jupiter. Lekua: ETB2n eta Euskadiko Orkestraren Youtubeko kanalean. Eguna: Ekainak 27.

Bigarren Mundu Gerrak eragindako hondamendiaren eta, batez ere, Alemaniako eta Austriako hainbat antzokiren suntsiketen berri izan ondoren, honako hau adierazi zion R. Straussek bere biografoa izango zenari: «Bizi izan dudan zoritxarrik handiena izan zen hura; harentzat ez dago kontsolamendurik, eta nire zahartzaroan ez dago itxaropenik». Gerraren triskantza fisiko eta kulturalak buruan zituela hasi zen Metamorphosen obra idazten; 1945eko apirilaren 12an amaitu zuen, Hitlerrek bere buruaz beste egin baino bi aste lehenago.

Straussen metamorfosietan ez da hobetzeko grinarik, ez da bizi berririk ageri, gizakiaren parte den basakeriak sortutako aiene sakona baizik, itxaropenik ba ote den zalantza zorrotza. Biolontxeloen eta kontrabaxuaren legato saminak obra osoa zeharkatzen duen ezinegona aurreratzen du, biolinek tarteka kontraste argitsua zabaltzen badute ere. Euskadiko Orkestrako hogeita hiru hariek soberako ezagutza, sen ona eta sentsibilitatea aurkeztu zuten exijentzia handiko obra honen interpretazioan. Treviñok maisuki menderatu zituen tempoak eta dinamika aldaketak, eta maiz suertatzen ez diren une hunkigarriak eskaini zituen, bukaerako isilunearen apnea kasu batera.

W. A. Mozarten 41. sinfonia—idatzi zuen azkena— unibertso arras desberdinean kokatzen dela dirudi, baina bada bi obrak lotzen dituen haririk: Straussek bereziki maite zuen Salzburgoko jeinuaren obra hau, J. P. Salomonek Jupiter izendatu zuena. Ezizen aproposa dirudi, Mozarten joera jostalariarekin alderatuz lau mugimenduen handitasuna nabari baita. Hala baieztatu zuen Euskadiko Orkestrak Allegro Vivace-an hasita, bi flauten eta bi tronpeten parte hartze nabarmenarekin. Hotsandiz jardun ziren haizeak Andante cantabile-an; Treviñok aise gidatu zituen modulazioak. Tempoan trinkotasuna gailendu bazen ere, Menuetto-an oboeak oin-puntetan dabilen dantzari bihurtu ziren. Azken mugimenduak hodeiak zartatzen dituzten tximisten indarra hartu zuen. Jupiterrek bidalita, akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.