Asiain, Ladronen estiloan

'Film zaharren kluba' nobela kaleratu du idazleak. Aspaldian ez zen hain pozik geratu lan batekin
Alberto Ladron Arana <em>Film zaharren kluba</em> nobelaren aurkezpenean, Donostian.
Alberto Ladron Arana Film zaharren kluba nobelaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Miren Garate -

2018ko abenduak 20
Film zaharren kluba (Elkar) izenburua nondik datorren jakiteko, azken kapitulura iritsi beharko dute irakurleek. Alberto Ladron Aranak (Iruñea, 1967) iragarri du suspensezko film klasikoei egindako omenaldi bat dela. Misterioaren atzean ezkutatzen den istorioari buruzko gauza handirik ere ez du esan, gauzak gehiegi ez argitzeko. Zera esatera mugatu da: «Leire Asiainen beste kasu bat da; oraingo honetan, nire liburu klasikoen ukituarekin. Suspensez eta misterioz jositako trama bat da; eta, seguru asko, aspaldiko nire lanik biribilena».

Hain zuzen, Leire Asiainen saileko laugarren eleberria da Film zaharren kluba, eta Ladron Aranaren 11.a. Aurrekoaren amaieran, Jainkoen zigorra izenekoan, lan baimen bat hartu zuen Asiain foruzainak, eta egoera horretan jarraitzen du nobela berrian ere. Laster erabaki beharko du lanean hasi, baimena luzatu edo behin betiko utzi behar duen lanpostua. Erabaki hori hartu bitartean, aspertzen hasita dago. Horregatik, ahizpak ikerketa txiki bat egitea proposatzen dionean, baietz esango dio. Hain zuzen, oso kezkatuta dago ahizparen lagun bat, susmatzen duelako senarra beste emakume batekin dabilela, eta hori da Asiainek ikertu beharko duena. «Gogo handirik gabe hasten da, baina berehala hasiko dira gauzak korapilatzen, eta Asiain pentsatzen hasiko da Poliziak istriputzat hartu arren, bi hilketa gertatu direla».

Idazlearen esanetan, Asiain Poliziatik kanpo egoteak eragin nabarmena du nobelaren argumentuan, baina baita nobelaren estiloan ere. «Izan ere, hau idazten hasi aurretik, ohartu nintzen Asiainen azken nobeletan pixka bat urrundu nintzela garai bateko nire estilotik». Teknika aldetik akaso hain landuak ez izan arren, eleberri haiek mugituagoak zirela uste du idazleak, dinamikoagoak, eta, horri buruz hausnartzen hasi zenean, ondorio bat atera zuen: «Haietako protagonistak ikerlari ez-profesionalak ziren, ez ziren poliziak edo detektibeak, eta horrek desabantaila argi bat zeukan: ezin nituen pertsonaia haiek beste nobela batean erabili, ez zelako sinesgarria izango». Desabantaila horrekin batera, ordea, bazegoen abantaila bat ere, idazleari garai hartan «oharkabean» pasatu zitzaiona. Pertsonaia haiek beren kasa argitu behar izaten zuten misterioa; ez zituzten Poliziaren baliabideak eskura. «Kasua argitzeko mugitu egin behar zuten, adimena eta irudimena zorroztu behar zuten informazioa lortu eta kasua argitzeko».

Atzera buelta

Film zaharren kluba idaztean ohartu zen bazuela aukera berriro ere bide horretatik jotzeko. «Asiain ez dago Polizian, berak ere bere kasa argitu beharko du kasua, eta mugitu egin beharko du. Oraingoan, ez da egongo laborategien eta epaileen zain; jende mordoarekin hitz egin beharko du, era guztietako gezurrak asmatu beharko ditu informazioa lortzeko, eta abar. Horrek askoz ere nobela dinamikoagoa eta entretenigarriagoa egiten du».

Idazlearen aurreko nobelak irakurriak dituztenei ezagunak egingo zaizkie beste zenbait elementu eta pertsonaia ere; esate baterako, Uxue ahizpa eta Iñakirekin duen harreman sentimentala. «Asiainek abusuak jasan zituen txikitan, eta orain sexufobia dauka. Azpitrama bat sortuko du horrek». Era berean, idazleak iragarri du, une batean, nobelak eztanda egiten duela. «Nik, irakurle bezala, izugarri gustuko ditut une horiek, non informazio berri bat agertzen baita eta ordura arteko zure teoriak hankaz gora jartzen baititu. Nobelan badaude horietako batzuk». Ildo horretatik, kontatu du idazten adina denbora pasatzen duela kapituluak antolatzen eta bakoitzean irakurleari zer informazio eman pentsatzen. Horrez gain, kontatu du idatzi aurretik ikusi egiten duela gertatu beharrekoa. «Oso zinemazalea naiz, eta, seguru asko, irakurleek nobeletan berehala ikusiko dute hori. Nik kapitulu bat irudietan pentsatzen dut».

Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen esanetan, behin Asiainen pertsonaia asmatua izanda, pertsonaiaren psikologian gehiago sakondu du idazleak saileko azken bi nobeletan. «Horrez gain, trama oso apasionantea da, eta, Albertok ohi duen moduan, oso ondo josia».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: