ATZEKOZ AURRERA. Angelica Dass. Argazkilaria

«Arraza ez da gizakioi dagokigun termino bat»

Dassek azpimarratu du hezkuntzak garrantzi handia duela gorroto diskurtsoei aurre egiteko. 'Humanae' argazkiak baino gehiago direla adierazi du, eta debaterako erreminta gisa aldarrikatu du.

BERT HARTMAN / TED GLOBAL.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gasteizko Goiuri jauregian izango da gaur Angelica Dass argazkilaria (Rio de Janeiro, Brasil, 1979) Humanae proiektua aurkezten, Zurrumurruen aurkako sareak antolatuta. Jatorri desberdinetako 4.000 pertsonaren erretratuak bildu, eta Pantone kolore identifikatzailearen arabera sailkatu ditu. Xenofobia, genero eta sexu identitate arazoei aurre egin nahi die proiektuarekin.

Zergatik azalaren koloreari buruzko proiektu bat?

Kezka txikitatik datorkit, ez bainuen ulertzen nolatan ez nuen haragi kolorerik, nik ere haragia banuen. Gerora, jende askok galdetzen zidan ea zer koloretakoa izango zen nire haurra bikotekidea arrosakara baitzen. Beraz, aurreiritzien kontrako proiektua abiatu nuen, nire eta nire bikotekidea zenaren argazkiekin, batez ere aldarrikatzeko ni ez nintzela beltza, eta senarra ez zela zuria.

Sarean kaleratu zenuen proiektua. Zer dela eta?

Nire helburua jendearen arteko eztabaida sortzea zen. Webgune batean jarri nituen lehen argazkiak, eta sare sozialetara pasatu zen gero. Gutxinaka, ezagun eginez joan zen proiektua, eta ez nuen inolaz ere espero halako oihartzuna izango zuenik. Kalean jarri izan dut, eta oso ongi dago, jende gehiagorengana iritsi eta eztabaida sortu duelako.

Arrazak sailkatzeko, zuria, beltza, gorria eta horia gainditu nahi izan dituzu. Zer koloretakoa zara zu?

Txokolate esneduna naizela esaten dut. Bai koloreagatik, baina baita batere mingotsa ez naizelako ere, txokolate beltzaren gisan. Hala ere, zerbait gehitu nahiko nuke; izan ere, ni arraza kontzeptuaren kontrakoa naiz. Arraza ez da gizakioi dagokigun termino bat. Zergatik jarraitzen dugu, bada, erabiltzen?

Proiektuan ez duzue inor hautatzen. Nortzuk ari dira orduan parte hartzen?

Askotariko jendea da, eta denak dira ongi etorriak. Hasieran, lagunei eskatu nien, baina orain Interneten deialdiak egiten ditut, eta ez dakit nor etorriko zaidan. Guztiei galdetzen diet etortzeko arrazoiaz, eta hortik hamaika elkarrizketa interesgarri suertatu dira; bai koloreari buruz, baina bai beste arazo batzuei buruz ere. Horregatik, kolektiboekin ere lan egitea gustatzen zait.

Hezkuntza alorrera eraman duzu. Nolako esperientzia izan da?

Haurrekin oso elkarrizketa interesgarriak izan ditugu. Izan ere, euren burua pintatzera gonbidatzen ditugu, eta zalantza asko sortzen dira, eta gogoeta egiten dute. Hezkuntzaren bitartez gorrotoaren diskurtsoa gainditu daitekeela uste dut.

Bukatu gabe dago proiektua. Noiz emango duzu bukatutzat?

Humanae ez da inoiz bukatuko, ni bihar bertan hiltzen banaiz ere. Baliteke argazki gehiago ez biltzea momenturen batean, baina, munduhonetan, aipatu dudan heziketa lana eta elkar ulertzea beharrezkoak izango dira beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.