Albaolako lantaldea 1753an topatutako barku baten bila ari da Donostian

Kontxako horma jartzean topatu zituzten barku baten hondarrak berriz ere aurkitu nahi dute. Atzo abiatuta, bihar arte egingo dute indusketa

Albaolako lan taldearen indusketa lanak, atzo goizean, Kontxako hondartzan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ez dakite ziur hor dagoen. Dakitena da egotekotan inguru horretan behar duela, Donostiako Alderdi Eder parkeko karruselaren parean, gutxi-asko. XVIII. mendeko kartografiari esker dakite Kontxako horma eraikitzeko lanak egin zituztenean barku bat agertu zela bertan. Hala azaldu du Xabier Alberdi Albaolako ikerketa departamentuko zuzendari eta Euskal Itsas Museoaren zuzendariak: «Badakigu, beraz, barku hori 1753. urtea baino lehenagokoa dela. Zenbat? Ez dakigu. Hori da helburua: barku hondarra lokalizatzea, eta, agertzen baldin bada, laginak hartzea hura datatzeko, eraiki zen urtera hurbiltzeko».

Baldin eta topatzen badute, garaiaren arabera diseinatu ahal izango dituzte etorkizuneko esku hartzeak. «XVIII. mendeko barku bat baldin bada, agian ez du merezi indusketa arkeologiko sakon-sakon bat egiterik, sasoi hartako planoak jada ezagutzen baititugu», azaldu du Alberdik. Aldiz, garai zaharragokorik ez da ezagutzen. «Demagun, urrutira jota, Erdi Arokoa dela... Zenbat eta antzinakoago, orduan eta interes handiagoa izango du. XVIII. mendea baino lehenagoko edozein barku hondar izango da baliotsua orduko ontzigintza ezagutzeko».

Gainera, Alberdik erantsi duenez, Donostian arazo «larri» bat dago dokumentazioarekin. «Hiria erre zutenean, 1813an, plano ia denak kiskali ziren. Eta hori gabezia handia da ontzi hauek lokalizatzeko. Adibidez, ez dauzkagu udaleko aktak. Imajinatzen XV. mendeko aktak izango bagenitu, eta bertan irakurri egun bakoitzean zer ontzi joan ziren pikutara eta non? Baina ez dauzkagu. Geratzen zaigun informazio iturri nagusia hauxe da: arkeologia».

Atzo hasi zituzten indusketa lanak, eta bihar arte egongo dira bertan. Egunotako marea biziak ari dira aprobetxatzen lanerako. Bost behargin ari dira indusketan lanean, hondeamakina batekin, eta, beraz, marea behean dagoenean soilik egon daitezke hondartzan. Alberdi: «Agertzen bada, ongi; ez bada agertzen, tira; arkeologia ez da zientzia zehatz bat».

Indusketa, begi bistan

Lehen aldia da Kontxan horrelako lanak egiten direna, eta, ohi ez bezala, herritarrek lan arkeologikoak bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte. Atzo goizean, harrizko hondakinak atera ahal izan zituzten, baita egur zatiak ere. Baliteke horietako batzuk hormaren zimenduetatik etortzea, baina baita barkuaren arrastoetatik ere. «Ontzi asko urperatu dira hemen mendez mende. 2000 urtez okupatuta egon den hiri batez ari gara. Imajinatu tarte horretan guztian hemen gertatu den guztia. Arrastoak egon daitezke era guztietakoak eta sasoi guztietakoak. Egiazki, Kontxa leku aberats bat da hondar arkeologikoei dagokienez».

Ontziaren berri ematen duten iturriak publikoak dira, eta Albaolako lantaldeak aspalditik zuen buruan hura berraurkitzen saiatzea. Aukera, or dea, orain etorri da, Kutxa Fundazioaren laguntza bati esker —6.000 euro inguruko aurrekontu bat dute lanerako—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.