ATZEKOZ AURRERA. Miguel Pajares. Antropologoa

«Ahaztu dugu herri oro izan dela noizbait migratzaile»

Klima aldaketaren ondorioz sortutako migrazioak aztertu ditu 'Refugiados climáticos' bere azken saiakera liburuan. Iheslarien laguntzarako Kataluniako batzordearen lehendakaria ere bada.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Larritasun bisaia nabari zaio Miguel Pajaresi (Palentzia, Espainia, 1950), migratzaile klimatikoen gaiaz mintzo dela. Bai klima aldaketa, bai migrazioa «orain eta hemen ate joka» ditugun aferak direla dio.

Zer alde dago migratzaile ekonomikoen eta klimatikoen artean?

Zaila da azaltzen. Ekonomikotzat ditugun migratzaile asko faktore klimatikoak dituzten motibazioengatik aldatzen dira tokiz. Funtsean, migratzaile klimatikotzat joko nuke klima aldaketagatik bere habitata aldatu zaion eta ondorioz beste bizileku batera alde egin behar duen pertsona oro.

Betidanik existitu izan al dira?

Ingurumen inpaktua betidanik izan da, baina, azken mendeotan, industria estraktibistek, agrokimikoek eta petrolioaren monopolioa dutenek hauspotu egin dute. Azken hamarkadetan, karbono dioxido isuriek gorakada handia izan dute.

Eta genero arrakalak, beste migrazioetan legez, bidea egin du.

Bai. Emakumeak profil kaltetuena dira. Lurrari eta familiari errotuen daude: ontzitik salto egiten azkenak dira. Eremu batzuetan, hain dute baliabide gutxi, non alde egitea planteatu ere ezin dezaketen egin, lurraren ustiaketaren, mendekotasuna dutenen eta familia unitatearen motorra baitira.

Politika klimatikoen aldaketa al da konponbidearen giltza?

Bai. Klima aldaketa gelditzeko lehen akordioak duela 30 urte adostu ziren, baina ez dute fruiturik eman: gobernuentzat, ez dira neurri lotesleak. Egun, gobernuak korporazio handien presiopean daude, eta ez dute urratsik egiten arazoari errotik heltzeko; artean, klima aldaketa eta bere ondorioa den migrazioa okerrera doaz.

Ahaztu egin al da herri oro izan dela noizbait migratzaile?

Bai, guztiz ahaztu ere. Espainian, adibidez, ez da irakurketa hori egiten: tradizionalki herri migratzailea izanik ere, etorkinak ez dira artatzen giza eskubideetan oinarritutako harrera politikekin; kanpokoa, zuzenean, mehatxutzat hartzen da, kontziente zein inkontzienteki. Horrek migrazio fluxuen irregulartasuna dakar, xenofobiaren eskutik.

Nondik datoz, oro har, migratzaile klimatikoak, eta nora doaz?

Migrazio gehienak tarte laburrekoak dira. Afrikako Sahel eremuan, adibidez, barnealdeko lurren desertifikazioak mendebaldeko kostaldeko hiriguneetara mugiarazten du jendea. Hori europarren aurreiritzien aurka doa: jende gutxien hartzen dutenak Europako herrialdeak dira, eta, aldiz, haietatik ateratzen da jende gehien. Inor gutxik daki migratzaile gehien hartzen duen herrialdea Turkia dela, Ugandaren aurretik. Mendebaldekoa ez den etorkina bistakotzat dugu, baina datuek diote europar eta estatubatuar gehiago daudela geurean.

Zer itxura du etorkizunak?

Migrazioa afera kudeagarria da. Ez da ezinezko bat. Baina kudeaketak zerikusi handia du nazioarteko politika ereduen eraldaketa sakonarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.