ATZEKOZ AURRERA. Maialen Aristegi. Kantautorea

«Neure buruari zor diodan zerbait da disko bat ateratzea»

Maialen Aristegi kantautorea euskarazko abestiak sortzen dituen artista bat da. Hamar kanta sortu ditu dagoeneko; orain, berriz, talde bat osatu eta bere abestiei «forma» emateko asmoa dauka.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
unai etxenausia
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Maielen Aristegik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 2000) Arabako Gazte Talent lehiaketako euskarazko proposamenik onenaren saria eskuratu berri du. Musikari gaztea Gasteizera iritsi zen Euskal Filologiako ikasketak egitera, eta bertan garatu du bere ibilbidearen zati handi bat.

Kontzertuetan beti kantatzen duzu gitarrarekin. Eroso sentituko zinateke bera gabe?

Kantatzeko gai izango nintzatekeela uste dut. Hala ere, gitarrarekin edo pianoarekin erosoago sentitzen naiz. Oholtzan babestu egiten nautela uste dut.

Zure bi erreferenteek ere gitarra jotzen eta abesten dute: Benito Lertxundik eta Mikel Urdangarinek. Zer dira zuretzat bi artista horiek?

11 urte besterik ez nuela hasi nintzen Mikel Urdangarin entzuten. Ez zidan inork gomendatu; nire kabuz deskubritu nuen. Aurretik ezagutzen nuen Benito Lertxundi, betidanik entzun dugulako etxean, eta horregatik ere gustatzen zait. Halere, Mikel Urdangarin izan da nire erreferente nagusia, hark gitarra jotzen zuelako hasi bainintzen gitarra ikasten. Ez dut nahi bera izan, baina erreferente nagusia da niretzat.

Uste duzu baldintzatu zaituztela zure abestietako hitzak idazteko orduan?

Bai, noski baldintzatuko nindutela. Hala ere, nire gauzek inspiratzen naute ni: ikusten dudanak, sentitzen dudanak... Ez naute haien irudiek inspiratzen. Nik nirea sortzen dut beti.

Normalean, zeri buruz idazten duzu: ikusten duzunari edo sentitzen duzunari buruz?

Sentitzen dudanaren inguruan idazten dut gehien. Sentimenduak gordetzen ditudan pertsona bat naiz. Horregatik, sentitzen dudana hitzez esan beharrean, abestu egiten dut. Barruan daukadan hori ateratzeko balio dit musikak.

Arabako Gazte Talent lehiaketako euskarazko proposamen onenaren saria irabazi duzu duela gutxi. Ilusioa egin dizu?

Jimmy Jazz aretoan jotzea sari bat izan zen jada. Euskal Filologia ikasten dut; beraz, ilusio berezia egin zidan sari hori irabazteak. Gainera, Araba Euskaraz-en jotzeko aukera emango dit sariak, eta sekulakoa izango dela sentitzen dut.

Diskoa ateratzeko asmorik bai?

Nire ilusioa da. Orain arte, beti ibili izan naiz bakarlari bezala abesten, baina hasi naiz talde bat sortzen; dagoeneko lortu dut baxu jole bat. Nire abestiei forma eman eta zerbait grabatzea gustatuko litzaidake, apalki uste baitut benetan kantek merezi dutela. Espero dut 2023an lan berezi bat ateratzea. Neure buruari zor diodan zerbait da disko bat ateratzea.

Betidanik amestu duzu musikarekin. Umetako ametsa betetzen ari zarela uste duzu?

Uste nuen ez nintzela abesti bat sortzeko kapaz izango, eta hamar ditut dagoeneko. Gehiago sortzen ari naiz, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.