Garai iraultzaile baten erakusle

'Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia' erakusketa atondu du Oier Etxeberriak

Erakusketako espazio nagusia espazio sentikor bat da, eta Aita Labururen burua irudikatzen du. JON URBE / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Francisco de Quevedok Richelieu kardinalaren «burua eta anatomia» bisitatzeko proposamena egin zuen behinola, orduko frantziar gorputz politikoa higatzen zuten arazoak diagnostikatzeko; bada, hari horri tiraka, Oier Etxeberriak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974) Jose Antonio Laburu (Bilbo, 1887-Erroma, 1972) teologo, mediku eta antropologoaren buruan sartzeko proposamena egiten du Donostiako San Telmo museoko Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia erakusketan, «gorputz politiko garaikidearen mugimenduei erasaten dieten pertzepzio, aztoramen eta nahasmenduak aztertzeko». Artistaren esanetan, «zentzu guztietan iraultzailea» izan zen garai baten erakusle dira han bildutakoak.

1920-1930eko hamarkadari buruz ari da batik bat, garai horretan oso aktibo baitzegoen Aita Laburu. Kamera bat erosi, eta hainbat film egin zituen: herri medikuntzako erritu magikoei buruzkoak, animaliekin egiten ziren pertzepzio esperimentuei buruzkoak, eroetxe eta psikiatrikoei buruzkoak eta abar. «Garai hartan, Espainian halako hamabost bat kamera egongo ziren; material oso urria zen». Esan ohi da Laburu euskal zinemako lehen dokumentalistetako bat izan zela, Euskal Herrian zinema etnografikoki erabili zuen lehenetarikoa. Hizlari eta dibulgatzaile trebea izatea zen haren beste bertuteetako bat. «Oso landuta zeukan oratoria, eta bideoak ere jartzen zituen hitzaldietan. Jendetza erakartzen zuen».

Zinemako tekniketan ez ezik, bestelako arlo askotan ere izan ziren aurrerapenak garai hartan. Trenaren adibidea jarri du Etxeberriak. «Hirietako eta nekazaritza eremuetako harremanak guztiz eraldatu zituen, eta horrek guztiak mundu ikuskera berri bat ekarri zuen: liburuak, turismoa, garraiorako aukera...». Eta milaka fededun asaldatu zituen gertaera bat ere ordukoa da: Ama Birjinaren Ezkioko (Gipuzkoa) agerpena. «Mundu ikuskera berri horren paradoxa moduko bat dira Ezkioko ikuskapenak. Teologia zaharrak esaten zuen sinesteko ikusten ez duzun horretan, eta zientziak eta teknozientziak sinesteko ikusten duzun horretan». Ezkioko agerpenak oso garrantzitsuak izan ziren Aita Labururen bizitzan ere; izan ere, Elizak hura bidali zuen, zientzialari eta teologo moduan, agerraldi horiek gezurtatzera. «Sinestun sutsua da bera, baina, aldi berean, oso arrazionalista».

Hala, Laburuk grabatutakoekin, esandakoekin, ateratako argazkiekin eta idatzitako testuekin osatu du erakusketa Etxeberriak. «Espazio nagusia espazio sentikor bat izatea nahi nuen, eta hortik etorri da haren buruan sartzeko ideia». Bi begiak irudikatuz, bi proiekzio daude, aldi berean, 45 minutu ingurukoak. «Lan ikaragarria izan da muntaketarena». Ordu askoko artxibo irudiak izan dituzte esku artean, material oso kaotikoa, krediturik eta halakorik gabe, zinemagile amateurra baita Laburu. «Interes puntuak zein diren ikusi dugu, eta aukeraketa bat egin dugu. Batzuetan, irudiak errepikatzen dira, eta jolas batzuk ere badaude».

Bi belarrietatik Aita Labururen oratoria entzuten da, eta atzeko hormak burezurra irudikatzen du. «Zergatik jolas hau? Lizentzia bat hartu dugu, noski, baina uste dugu oso lotuta dagoela jesuitismoak landu zuen irudimenaren esparruarekin. Irudimenarekiko interesa erakusten du jesuitismoak, eta esan dezakegu Aita Laburu dela horren guztiaren erakusle modernoa».

Film bat, desagertuta

Ezkioko agerpenei buruz beneditarrek utzitako materiala ez beste guztia Aita Labururena da. Agerpen horiei buruzko film bat egin zuen Laburuk berak ere, baina desagertuta dago. «Pistei jarraitzen ibili naiz, eta Vatikanoraino eraman naute, baina ez dut hango ateak irekitzerik lortu». Erakusketa osatzeko, Azpeitiko Loiolako santutegiko Artxibo Historikora, Lazkaoko Beneditarren Fundaziora eta Euskadiko Filmategira jo du Etxeberriak.

Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia otsailaren 24 arte egongo da irekita. Erakusketari lotuta, Sinesteko ikusi solasaldia ere eskainiko dute Olatz Gonzalez antropologoak eta Etxeberriak berak, otsailaren 22an. San Telmoko laborategian izango da, euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.