begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Lehoia Amazonian

2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Behar dut. Behar dut ikusi. Behar dut ikusi Vicente Arandaren Tiempo de silencio filma, Luis Martin Santosen nobelaren egokitzapena, ezina zirudien erronka gainditu zuena. Behar dut. Behar dut ikusi. Behar dut El próximo otoño ikusi; Antxon Ezeizaren lehen filma, Victor Erizerekin batera idatzitako gidoi batean oinarritua, Hernaniko Elias Kerejetak ekoiztutako estreinako zinema enbidoa.

Behar dut. Behar dut ikusi. Behar ditut ikusi Luis Garcia Berlangaren goi-goi-goi mailako El verdugo eta Calabuch filmak, Espainiako zinema joan den mendeko urte ilunetan hankaz gora jarri, irauli eta aldrebestu zuten bi film horiek.

Lau filmak behar ditut ikusi. Ez daude inon eskura. Katalogoz kanpo aspalditik. Enkante digitaletan neurriz gaineko prezioetan. Hain duina, hain aurrerakoia, hain zinezale/jaleon lagun leiala den Filmin plataformaren artxiboetan ez dira agertzen. Ez bata, ez bestea, ez hirugarrena, ez laugarrena.

Ikusi. Behar. Ditut. Laurak. Desirak eta gaurkotasunak hala aginduta. Austro-hungariar inperioarekiko nostalgiak jota zen pornografo dotore haren mendeurrena ospatzen ari da mundua, eta bai Errenteriako Ozzinema zineklubak bai Donostiako Kresalak, ikusleek hala eskatuta, Berlangaren bi lan horiek emango dituzte beren pantailetan.

Bestalde, Oteiza, Larruquert, Basterretxea, Caro Baroja, Busca Isusi eta Mitxelena bera Academia errante delako arte bihurrikeria hartan lagun, kide, konplize izan zituen Marokoko Larachen jaiotako psikiatra fama handikoa ari dira omentzen Koldo Mitxelena Kulturunean.

Gaur bertan, batzuk ibiliko dira Martin Santosen Donostian barrenako paseo literario batean, Tiempo de destrucción lan bukatugabean Tolosan gertaturiko hilketa bat akuilu, hemengo industria jauntxoen inguruan bereak eta asto beltzarenak idatzi zituen hark Danborrada sakratua gorrotatzen zuela ahazturik; Kañoietan elkarteko bazkidea eta Marianistak ikastetxeko ikasle ohia izan bazen ere, Donostia hiria (arrazoi handiz) hautsez beteriko lekutzat jotzen zuela erreparatu barik, ibiliko dira, bai, paseoan, berbetan. Eta Ane Gabarainek irakurriko du Tiempo de silencio-ren zati bat. Euskaratua.

Camus bezala, auto istripu batean hila, Faulknerrek zauritua eta Patuak begiz jotako literatur zaldun hura ari dira egunotan omentzen Donostian. Hori dela-eta ikusi behar nuen nik Meliton Manzanas torturatzailea orpoz orpo izan zuenaren zinemara ekarritako kontakizuna.

Eta ikusi behar nuen El próximo otoño, Martin Santos izan zelako Ezeizaren bidaide Andaluziako kaminoetan. Urteak joan, urteak etorri, Ke arteko egunak filmatuko zuen autoreak aukeratu behar zituen Almuñecarren inguruetan bere pelikularako lokalizazioak. Luisen laguntzaz (edo). Abentura horretatik sortu zen Donostiako Sozialistekin endredo handietan ibilitakoaren azken kontakizun gogorra, Condenada belleza del mundo —300 euro ere eskatzen dute Interneten ale batengatik—.

Horiek nituen aipaturiko lau filmak ikusteko zio. Eta ez ziren inon eskura (filmategietan bai, jakina. Euskadikoak bildu berri du Ezeizaren ondare osoa).

...Amazonek erositako FlixOle kanalean ez bada. Madrilgo Atleticoaren presidentea den Enrique Cerezo ekoizleak Espainiako zinemaren %70 bildu du urteetan zehar. Metatu eta altxor bihurtu. FlixOle sortu eta azkar demonio, Estatu Batuetako erraldoiarekin akordio batera iritsi zen, lau haizeetara eta mila pantaila pribatutara zabaltzeko.

Amazonek eta Cholo Simeoneren jefea den Cerezok alokatu dizkidate beste inon ez diren zeluloide puska preziatuok. Ulertzen dut nik, ederki asko ulertu ere, Metro Goldwyn Mayerreko lehoiak aterpe hartu izana Amazoneko oihanean. Martin Santosek ere sistema aldatu nahi izan zuen. Baina ez berak ez guk ez genuen aldatzen lortu. Beraz, hobe dugu erlaxatu eta aprobetxatu aurpegi gozoko kapitalismoak eskura, amu, tentazio, kate, jartzen dizkigun delizia horiek. Jakinaren gainean izanda prezioa pagatu beharko dugula. Beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.