Albistea entzun

Komikiari buruzko komiki bat

'Komikiak aztertzeko gida bat' komiki formako liburua kaleratu du Euskal Herriko Unibertsitateak
Xabier Arauzo, Jon Kortazar eta Jose Antonio Morlesin, liburuaren aurkezpen ekitaldian.
Xabier Arauzo, Jon Kortazar eta Jose Antonio Morlesin, liburuaren aurkezpen ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2022ko urtarrilak 18 - Bilbo

Urterik urte hedatzen ari da komikigintza. Superheroien istorioetatik gertakari historikoetan oinarritutako kontakizun grafikoetara, estilo eta gai oro aurkitu daiteke egun komiki batean. Eta, orain, ikerketa mundura ere egin du jauzi: Komikiak aztertzeko gida bat komiki forma duen liburua argitaratu dute Jose Antonio Morlesin Melladok, Enrique del Rey Caberok eta Michael Goodrumek. Baina, Morlesinen arabera, ez da formatu berria: «Azken urteotan ikerketa lan ugari egin dira komiki eran. Izan ere, komikia, ikerketa eremua izateaz gainera, komunikazio eremua ere bada». EHUko Laida ikerketa taldeak koordinatu du lana, eta unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du.

Joan den urteko otsailean argitaratu zuen liburua ingelesez Oxfordeko Unibertsitateko TORCH The Oxford Research Centre in the Humanities ikerketa zentroko Oxford Comics Network ikerketa sareak. Gerora, unibertsitateak euskaraz argitaratzeko proposamena egin zion EHUko Laida ikerketa taldeari, eta Jon Kortazar ikertzaile nagusiak baiezkoa eman zion, «inolako zalantzarik gabe».

Berez, komiki forma duen liburua da Komikiak aztertzeko gida, eta, hain zuzen, komikien ikerketarekin lotutako hastapenak eta alderdi nagusiak biltzen dira bertan. «Komikien inguruko kontzeptu orokorrak eta elementu garrantzitsuenak biltzen saiatu gara, baina hainbat alderdi kanpoan utzi behar izan ditugu», azaldu du Morlesinek. Besteak beste, komikien hizkuntza, ekoizpena, banaketa metodoak, ikerketa eremuak eta munduan zehar garatu diren tradizioak eta generoak aztertzen ditu liburuak. Era berean, liburua «ahalik eta modu dinamiko eta aktiboenean» lantzen ahalegindu direla nabarmendu du: «Gidak oinarrizko hainbat alderdi teoriko erakusten ditu, gehienentzat ezezagunak direnak, eta horiek ikasgelan garatzen ditugu praktikaren bidez. Testuaren eta irudiaren arteko uztartze lana egotea nahi genuen».

Esparru akademikoko publikoari zuzendutako liburua da batez ere. Nagusiki, komikien ikerketan hasteko interesa duten ikasle zein irakasleei. Baina, oro har, egileak dio edonorentzat izan daitekeela interesgarria: «Esparru horri buruz gehiago jakin nahi duen edonorentzat da liburua; informazio orokorra ematen du».

Elkarlana ardatz

Azken finean, elkarlanean egindako liburua da Komikiak aztertzeko gida bat: Del Rey eta Goodrum gidoia idazteaz arduratu dira, eta Morlesinek marrazkiak egin ditu: «Oso proiektu aberasgarria izan da hirurontzat; guk ere asko ikasi dugu».

Liburuaren hasieran hitzaurre batekin egingo du topo irakurleak, eta, hain zuzen, Alvaro Rabelli idazle, ikertzaile eta komiki-gidoilaria, eta Jose Carlos Torre komikigile, ikertzaile eta EHUko irakaslea arduratu dira hori idazteaz. «Gidarekin bat eginez, oso hurbilketa interesgarri eta originala egin dute Alvarok eta Jose Carlosek», nabarmendu du Morlesinek.

Liburuaren amaieran, berriz, Nick Sousanis San Francisco State Universityko irakasleari egindako elkarrizketa bat ere badago. Sousanisek komiki formatuan aurkeztu zuen doktore tesia 2015ean, eta, Morlesinen arabera, erabaki hori aurrerapauso «oso garrantzitsua» izan zen esparru akademikoan. Bestalde, Juan Kruz Igerabidek ekarri du jatorrizko testua euskarara, eta hiru egileak «oso eskertuta» daude idazleak egindako lanarekin.

Argitalpenaren paperezko edizioa eskuragarri dago jada ohiko liburu dendetan, zazpi euroren truke. Baita argitalpen digitala ere, PDF formatuan eta doan, EHUko Argitalpen Zerbitzuaren webgunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...