Hitzak azaltzeko lengoaiak

Gutun Zuria literatur jaialdiak literatura eta artea lotuko ditu, Bilbon, apirilaren 2tik 6ra bitarte

Gutun Zuria jaialdiaren antolatzaileak, atzo, Bilboko Azkuna zentroan egindako aurkezpen ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Herritar gehiago busti nahi dituGutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko jaialdiak, eta egitura eta filosofia aldatu dizkiote horregatik. Hala azaldu du Fernando Perezek, Azkuna zentroko zuzendariak. Perezen arabera, literatura garaikidearen erreferente bat da urtero Liburuaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan Bizkaiko hiriburuan antolatzen den jaialdia. 12. edizioan, literaturatik haragoko gogoetak egingo dituzte, baina hau goiburu hartuta: Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu. Artea kontatzeko artea. Zentroko zuzendariaren hitzetan, bi esaldi horiek jaialdiaren filosofia laburbiltzen dute, eta zergatia azaldu du. «Lehen zatiak Aldous Huxley idazlearen aipua du oinarrian, Huxleyk argudiatu baitzuen liburutegi bat erretzea alferrikako ekintza dela, liburuak berriz irakurri eta eduki ahal direlako». Goiburuaren bigarren zatiak, berriz, Jose Lezama Lima poetak ahozko arteari buruz esandakoa jasotzen du. Atzo aurkeztu zuten jaialdia, Azkuna zentroaren Bastida aretoan.

Bilboko Azkuna zentroak beste norabide bat hartu du, eta bide horri erantzunez antolatu dute aurtengo jaialdia —2019-2023 urteetarako proiektu estrategikoa ondu berri du Perezek, eta zentroa gizartearen eta kultura garaikidearen «lokailu» bihurtzeko xedea zehaztu du bertan—. Horregatik, literaturatik haragoko diziplinak elkartu nahi dituzte ekitaldietan. «Narratibetatik harago doazen esparruetara zabalduko da Gutun Zuria, hitzak bestelako jarduera artistikoekin lotuz», azaldu du Perezek. Euskal sortzaileei toki handiagoa eman diete aurtengo programazioan.

Apirilaren 2an abiatuko da jaialdia, eta topaketak, sortzaileen arteko elkarrizketak eta tailerrak izango dira bost egunez. Maialen Lujanbiok egingo du hasiera ekitaldia: solasaldi bat egingo du bertsolaritzak inguruko artearekin duen harremanaz. «Zubi asko eraiki ditu bertsolaritzaren eta bestelako arte diziplinen artean, eta horiek izango ditu ardatz ekitaldian», azaldu du Alanse Martin jaialdiko programatzaileak. Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean, Hitz beste izeneko topaketa egingo dute hilaren 3an, asteazkenean, eta, besteak beste, artearen eta literaturaren arteko joan-etorriak aztertuko dituzte Azkuna zentroko Bastida aretoan.

Euskal sortzaileen lanaz

Hilaren 4an eta 5ean ere hainbat topaketa antolatu dituzte. Xabier Gantzarain eta Harkaitz Cano idazleak, adibidez, buruz buru jardungo dira. Liburu bat argitaratu berri dute biek, eta Martinek azaldu du haien lanetatik abiatuta arituko direla. «Canoren literaturaren eta arte garaikidearen arteko harremanaren inguruan ez ezik, euskal arte garaikideaz eta liburuen azalgintzaz arituko dira biak ala biak».

Danele Sarriugarte, Beatriz Txibite eta Eric Dixarri izango dira hurrengo egunean, mahai beraren jiran. Literatura idazle dira hirurak, eta duela gutxi hasi ziren argitaratzen. Jaialdiaren arduradunak azaldu du bakoitza bere ikuspegitik arituko dela. «Dixarrik sormena eta ikerketa nahasten ditu maiz, eta bere literatur lan zenbait arte garaikidearen barnean ere kokatu litezke. Txibitek, berriz, arte ikasketak egin ditu, eta interes bereziz begiratu dio ekialdeko kulturetako arteari. Sarriugartek, bestalde, artearen munduan kokatu du arreta Azala erre-n, bere azken nobelan; hau da, arte munduko botere harremanetan, arrakasta eta porrot erlazioetan, eta irudi publikoan». Egun berean, elkarrizketa egingo dute Bernardo Atxaga idazleak eta Oskar Alegria kazetari eta zinemagileak ere.

Euskal sortzaileez gain, nazioarteko idazleak ere jasoko ditu jaialdiak. Veronica Gerber idazle mexikarrak, adibidez, Hitzak suntsitzea ederra da izeneko tailerra egingo du bi egunetan: apirilaren 2an eta 3an; eta, argazkigintza eta literaturari buruz arituko dira Cristina de Middel, Joan Fontcuberta eta Agustin Fernandez argazkilariak. Carlos Fonseca, Juan Vico eta Valerie Mrejen idazleak ere izango dira jaialdian.

Musika emanaldiak ere izango dira aurtengoan: Rafael Lechowski eta Christina Rosenvinge abeslariek emanaldi bana egingo dute: hilaren 5ean Lechowskik, eta jaialdiaren azken egunean Rosenvingek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.