ATZEKOZ AURRERA. Hedy Herrero. Ikertzailea

«Nire aitatxi nor zen jakin zenezan nahi nuen»

Ezkabako gotorlekuan 1934. eta 1945. urteen artean preso izandakoak ikertzen eta dokumentatzen aritu da Herrero urte luzez. Nor ziren azaldu du liburu batean: «Orain biloben eskura daude».

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Teodoro Hernan Aguado, Ezkabako gotorlekuko 760. presoa, Vicenta Lopez Castillarren senarra. Haien biloba Hedy Herrerok (Bonn, Alemania, 1959) aitatxiren eta beste 5.916 presoren izenak eta izanak bildu ditu Entre rejas liburuan (Pamiela, 2020). Katakraken aurkeztu du preso haien hiztegi biografikoa.

Aitatxiri segika murgildu zara memoria historikoaren ikerketan?

Etxean txikitatik hitz egin zidaten Ezkabako gotorlekuaz, eta 2008an ezagutu nuen bertatik bertara. Izebak gotorlekuko ereserkia erakutsi zidan, pentsa.

5.917 presoren izenak ez ezik, izanak ere bildu dituzu, ezta?

Mikrobiografiak daude. Ageri da norekin ezkondu ziren, seme-alabak, jaioterria, baina, haien bizitza pertsonalari bainoago, kartzelako ibilbideari eta bizitza politikoari eman diet garrantzia. Jende garrantzitsu asko ageri da, eta argigarria da jakitea zergatik atxilotu zituzten.

Zenbaki hutsetik harago, pertsonak agertzea zen zure asmoa?

Noski. Helburu nagusia presoak humanizatzea zen. Aitatxirekin nor egon zen jakin nahi nuen, eta nire aitatxi nor zen jakin zenezan nahi nuen, eta, bera bezala, gainerako 5.916ak. Izan ere, jende askok ez daki zein izan zen haien senideen kartzelako ibilera.

Gotorlekuan gatibu egondako pertsona ia guziak bildu dituzu?

Oraindik ehun eta piko izen ditut erkatzeko, baina ez ziren askoz gehiago izanen. 500 inguru falta direlakoan nago; Ezkaban ez ziren izan 7.000 preso baino gehiago.

«Eskerrik asko nire aita behar den tokian jartzeagatik: bibliotekan». Zer sentitu zenuen esker hitz horiek aditu zenituenean?

Hitz horiek... Hunkitu nintzen, eta merezi izan duela sentitu nuen. Emakume hori 1936ko abenduan sortu zen. Bere bilobak liburua oparitu dio Eguberrietan, 84 urte bete berritan. Andaluziarra da, eta ez da inoiz Iruñean egon. Liburua hartu eta argazkiak begiratu zituen. Bere aita aurkitzean, negarrez hasi zen.

Liburutegia da pertsona horiei luzez ukatu zaien tokia?

Lehenbizi familiako sekretua izan da; ez zuten nahi kontu horiek etxetik ateratzerik. Ez zaitezte nabarmendu esaldia garai hartan oso ohikoa zen. Baina orain, hor dago, hor daude, liburuetan, seme-alaben eta biloben eskura.

Zergatik ez dizute utzi Iruñeko espetxe agiriak kontsultatzen?

Duela urte anitz eskatu nuen baimena, baina ez didate erantzuten. Ana Ollori ere ohartarazi nion. Badakit hor daudela, presoak hildako tokian geratzen direlako agiri horiek. Agiri bakoitzetik hiruzpalau izen atera ditzaket, horregatik dut interesa. Ez dut ulertzen zergatik jartzen duten hainbeste traba.

Zer falta da egiteko?

Esandakoez gainera, izenak bilatzen jarraitu eta dauden hutsuneak betetzen saiatu. Eta deskantsatzeko beharra dut, denbora anitz eskaini baitiot honi. Barne-barnetik atera den lan bat da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.