ATZEKOZ AURRERA. Maria Paula Meneses. Ikerlaria

«Utopiarik gabe, ez gara mugitzen»

Hezkuntzak gizarte eraldaketarako dituen gakoak eta erronkak izan ditu hizpide Menesesek Gasteizen eginiko kongresu batean. Adierazi duenez, beharrezkoa da «narratiba irekitzea».

RAUL BOGAJO / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Maria Paula Meneses ikerlariak (Maputo, Mozambike, 1963) Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Biltzarrean parte hartu du, Gasteizen. Haren arabera, egitura «zurrunetatik» eta ikuspegi bakar batetik harago, beharrezkoa da utopiak sortzea. Egun, Coimbrako Unibertsitateko (Portugal) Gizarte Ikasketen Zentroan dabil lanean.

Nondik abiatua da zure gogoeta?

Hezkuntzak bizi duen krisietako bat gure munduko konplexutasun kulturala da. Jakin behar du beste jakintza batzuekin hitz egiten, eta ulertu behar du horien parte dela, ez dagoela leku hegemoniko batean kokatuta. Uste dut asko dugula ikasteko munduko beste esperientzia batzuetatik.

Era honetako kongresuak horretarako mugarri al dira?

Sarri ezin dugu gure erreferentzietatik hitz egin, eta, beraz, batzar hauetan jakintzak eta esperientziak elkartzen dira, soilik aukera bakar bat ez dagoela ohartzeko. Izan ere, modernitatearen arazoetako bat da pentsatzea zentro bat dagoela, eta periferietakook hor esandakoari jarraitu behar diogula. Jakin behar da mundua osatzen dugunok askotarikoak garela; zerk batzen gaituen pentsatu behar da, eta desberdintasunetatik indarra egin.

Zeu mozambiketarra zara.

Bai, eta gogoan izaten dut ni natorren lekuan nola pentsatzen den. Hor dago ubuntu kontzeptua: «Ni naiz gu garelako». Ez da ahaztu behar komunitatea egin behar dela eta gu ere existitzen garela. Ikuspegi batetik zein bestetik ulertu behar da egoera. Hor da erronka utopikoa.

Erronka utopikoa?

Utopia bat norabide bat da. Horrelakorik ezean, ez gara mugitzen, eta horrek mugatu egiten gaitu. Miopia asko dago, batez ere iparraldean; aurreikuspenak egiten dira, aukerak ematen dira, baina ez dute arnasten uzten. Utopiak begirada zabala behar du izan, eta hezkuntza eraldatzaileak horretan pentsatu behar du. Are, gogoan izan behar da gauza batzuk ahoz aho transmititzen direla soilik, dena ez dagoela idatzita: agure bat hiltzen den bakoitzean, liburutegi bat hiltzen da.

Hor dago jakintzen garrantzia.

Zerk balio duen eta zerk ez zehazten duen ideia zientifikoarekin jarraituz gero, oker bat egiten ari gara. Ez dugu aintzat hartzen gauza txikietan ere badaudela ezagutzak; adibidez, amonaren jakintzetan. Gauza txikiagoei begiratu behar zaie. Ezagutza eraiki behar da, eta pertsona guztiek prozesu horietan egiten dituzten ekarpenak identifikatu behar dira. Nire herrialdetik ikasi dut gauza horiei begiratzen.

Izan ere, arazo eta erronka guztiak ez dira globalak.

Globalaren kontzeptua da arazoa. Ipar Atlantikoko garai eta erreferentzia kulturalei buruz hitz egiten da, esportatu nahi da mundua ulertzeko modurik onena bezala, eremu horren zentraltasuna sendotzeko asmoz. Hortik kanpo dagoen guztia narratibatik at gelditzen da, eta, beraz, beharrezkoa da zabaltzea. Ez dute gure gain lan egin behar, baizik eta gurekin. Hor erakunde globalak dira arazo.

Narratiba irekitzea da hezkuntzaren erronka nagusietako bat?

Formazio zurrunetatik harago, munduarekin harreman malguagoa izan behar du, libreagoa. Haurren hausnarketak gogoan izan behar dira; hitz egiteko aukera emateaz gain, entzun egin behar zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.