ATZEKOZ AURRERA. Patxi Xabier Fernandez. Kazetaria

«Epikaren alde nago kirol kazetaritzan; tresna bat da»

Tourra eta kazetaritza, binomio banaezina. Eta, albo-alboan, nazio identitateak. Euskal, frantziar eta espainiar prentsak Tourra nola kontatu duten aztertu du Fernandezek bere doktore tesian.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Idatzizko hainbat hedabidetan aritua da Patxi Xabier Fernandez Jabotxa (Bilbo, 1962), eta Athleticeko prentsaburua izan zen 2001etik 2019ra. Orain, Frantziako Tourra frantziar, espainiar eta euskal prentsan (1903); kazetaritza eta nazio-identitatea doktore tesia plazaratu du, EHUrekin. Liburu gisara argitaratu nahi luke aurrerago.

«Tourrak askoz gehiago egin du Frantziako batasun nazionalaren alde XX. mendean egon diren gertakizunek baino». George Conchon idazlearena da aipua.

Bai, Tourrak lortu du Frantziako barne tirabirak kanpora begira fokatzea eta nazio batasuna elikatzea. Frantziak izan ditu gai potolo batzuk: klase harremanak, genero rolak, gizarte kohesioa, batasun nazionala... Batzuetan, Tourra erabili dute talka horiek lasaitzeko.

Euskal naziotasun identitatea ere elikatu du Tourreko euskal kazetaritzak?

Bai, elikatu du, baina Frantziako eta Espainiako kazetaritzen aldean, gutxiago. Euskal kazetaritzan igartzen da euskal identitatearen presentzia, baina era apalagoan; naziotasun esplizitua baxuagoa izan da.

Hor izan zen Euskaltel fenomenoa...

Bai, selekzio bat balitz bezala korritzen zuen marka bat izan zen Euskaltel.

Horra paradoxa; nazio sentimendu bat marka komertzial batek ordezkatua.

1960ko urteen erdialdera sartu ziren marka komertzialak Tourrean; ordura arte, herrialdeka korritzen zen. Markak gailendu arren, hedabideek eta ondorioz jendeak ere identifikatzen zuten propio marka bat herrialde bateko naziotasunarekin. Euskaltel fenomenoa agertu zenean, zera gertatu zen: marka bat zela, baina soilik euskal txirrindulariak edo euskal taldeetan osatutakoak batzen zituela bere kirol filosofian: euskal jendea horrekin identifikatu zen, eta laranja kolorea, nahiz eta euskal iruditeriarekin zerikusirik ez izan, euskaldunen kolore bilakatu zen.

Zer ezaugarri izan ditu euskal txirrindularitza kazetaritzak?

Euskal kazetaritzan, informazioaz gain, iritzia asko landu izan da, bai Espainian eta bai Frantzian baino gehiago. %80 inguru informazioa, eta beste %20 iritzia. Hori lotuta dago, bai Egin-en eta Euskaldunon Egunkaria-n lehenik, eta agian Gara-n motelago, baina bereziki BERRIAn, asko erabili izan delako adituen edo txirrindulari ohien iritzia. Erreportajea ere gehiago landu izan da beste herrialdeetan baino.

Txirrindularitzako kronikek lengoaia propioa sortu zuten, narratiboa, epikoa. Zu, epikaren alde?

Ni alde nago. Ikus-entzunezko hedabideen agerpenarekin eta bilakaerarekin, kazetaritza idatzia bereziki ahuldu da, eta tresna batzuk behar ditu irakurlearengana iristeko, emozioak pizteko, irakurtzeko grina sortzeko, eta epika baliagarria da. Estilo hori lehen Tourretik dator, L'Auto agerkarikoGeo Lefevrekazetariak egiten baitzituen kronikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.