ATZEKOZ AURRERA. Jason Gardner. Argazkilaria

«Tradizioek burrunba egiten dute toki guztietan»

Herriz herri inauteriak erretratatzen ditu Gardner argazkilariak. Musikatik tiraka ezagutu du gaiarekiko pasioa: «Inauterietan gizarte egiturak urratzen dira, eta ohiko legeak eteten dira».

BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hamabost herrialde baino gehiagotako inauteriak ezagutu eta erretratatu ditu Jason Gardner argazkilariak (New York, AEB, 1972).Tradizioek, kulturek eta musikak erakartzen dute. Joan den astean Altsasun (Nafarroa) egon zen.

Zergatik dira inauteriak erakargarriak zuretzat?

Denbora gelditzen delako, eta gizartean ezarrita dauden arauak kolokan jartzen direlako. Oso gutxitan izaten dute erritual zaharrek horrenbesteko garrantzia mundu modernoan. Gainera, oso dibertigarriak dira.

Nolatan hasi zinen inauterietako argazkiak ateratzen?

Argazki proiektu pertsonala sortu nahi nuen. Betidanik gustatu izan zait musika, eta lanean hasi nintzen New Yorkeko musikariei argazkiak egiten. Hortaz, erabaki nuen Brasilgo musikari tradizionalaren inguruko dokumentazio lana abiatzea.

Eta hortik inauterietara.

Brasilgo inauteriak erretratatu nituen musika asko dagoelako.

Nolakoa izan zen esperientzia?

Pernambucoko inauteriak askotarikoak eta handiak direnez, askotan itzuli nintzen: lau aldiz. Bertako kulturan murgiltzeko aukera izan nuen. Jendea hasi zen zeremonia pribatuetara gonbidatzen, eta ezezagunak ziren tradizioak ezagutu nituen.

Antzekotasunak ikustea gustuko duzu. Zeintzuk sumatu dituzu?

Herrialdeak ez du garrantzirik; tradizioek burrunba egiten dute toki guztietan, eta gaiak errepikatzen dira.

Zer gai errepikatzen dira?

Dantza eta kantuarekin lotutako errituak: adibidez, kalejirak herrietan barrena, kanpaien hotsak, espiritu txarrak uxatzeko zaratak eta zorte ona eta uzta oparoa izateko kantuak.

Errebeldia ere nabaria da?

Demonioen pertsonifikazioen bidez eta suntsipenaren bidez islatzen dute. Trabestismoa eta beste jantzi subertsiboak agertzen dira. Inprobisatutako kaosa dago, gizarte egiturak urratzen dira, eta ohiko legeak eteten dira.

Zergatik egiten dute? Galdetu diezu?

Esaten dute ederra dela sasoien aldaketa ospatzea eta sakontasunez identitatearekin konektatzea.

Lantzen (Nafarroa) egon zinen, baina ezin izan zenuen deus ikusi.

Normalean aldez aurretik ikertzen ditut, eta informatzen naiz, baina, bat-batean neurriak aldatu zituztenez, ez nuen astirik izan.

Lantzetik Altsasura joan zinen. Nolakoa izan zen esperientzia?

Tokian tokiko jendearen energiaz gozatu nuen. Haurrentzat eta nagusientzat zen, eta askok jantzi tradizionalak jantzi zituzten. Asko harritu ninduen dena oso antolatuta zegoela baina inauterietako esentzia basatia mantentzen zutela.

Zein da zure hurrengo helmuga?

Frantziako herri batzuetan oraindik inauteriak dira. Herri batzuetan tradizioak berritzen ari dira. Normalean ez dira oso ezagunak, baina oso interesgarria iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.