ATZEKOZ AURRERA. Tomomi Kubo. Martenot uhinen jotzailea

«Beldurrezko filmetarako oso egokia da tresna hau»

Martenot uhinak kontzertu batean lehenbiziko aldiz aditu zituelarik «zur eta lur» geratu zen Kubo. Hogei urte daramatza musika tresna hori jotzen, eta publiko zabalari zabaltzen saiatzen da.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Iruñeko Kondestablearen jauregiko kontzertu aretoa bete egiten du Martenot uhinak musika tresna elektronikoak. Tomomi Kubo (Hokkaido, Japonia, 1978) musikariak kontzertua eman zuen han joan den astean, Nak Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdian.

Nola ezagutu zenuen Martenot uhinen musika tresna?

Turangalîla-Symphonie orkestrarako, Martenot uhinetarako eta pianorako obra bat da, Oliver Messiaen konpositore frantsesarena, eta kontzertu hori entzutera joan nintzen, Tokion. Nire irakasle Takashi Haradak jotzen zuen. Musika tresna horrek harritu ninduen: soinu hori... baina zer da hori? Txundigarria zen.

Aurretik jotzen zenuen beste musika tresnaren bat?

Bai, pianoa eta sintetizadorea.

Soinuak erakarri zintuen?

Denak. Batzuek diote sintetizadorearen aita dela. Takashik orkestra handiarekin jo zuenean, zur eta lur utzi ninduen. Gainera, musika garaikideaz maitemindurik nago.

Zaila da musika tresna hori jotzea?

Bai. Lehenbiziko aldian ezin izan nuen jo! Martenot uhinek ez dute teklaturik. Piano sintetizadorea bezalakoa da, baina biolina bezala jotzen da, Martenot biolontxelo jotzailea zelako. Bi eskurekin jotzen da: eskuinarekin tonua hautatzen dugu, eta ezkerra da espresioa kontrolatzen duena.

Galtzeko arriskuan dago?

Frantzian ikasi daiteke kontserbatorioan, baina Japonian, adibidez, ez. Ongi legoke kontserbatorioetara zabaltzea.

Zaila da jendea erakartzea?

Orain Jonny Greenwood musikariari esker ezagutzen da. Musika tresna hau asko interesatzen zaio, eta jotzen du. Gainera, orain musika tresna hau erosi egin daiteke.

Lehen ez?

Ikasten hasi nintzenean, ez zegoen hau egiten zuen teknikaririk. Orain erosi egin daiteke, garestia den arren.

Esan dizute inoiz soinuak estralurtarren inbasio bat dirudiela?

Bai, bai. Film batzuetako musika egiteko erabili izan dut; soinu ona da, erraz konektatzen zaituelako giroan. Adibidez, beldurrezko filmetarako oso egokia da. Emozio handiko filmetarako ere baliagarria da.

Emozioak handitzen ditu?

Soinua gizakien ahotsaren antzekoa da, horregatik sartzen zaizu barruraino.

Atmosferak sortzekoa ez ezik, zer beste aukera ditu instrumentuak?

Teknika berri bat bilatzen nabil. Ongi ezagutzen dut musika tresna, eta obra batzuk eta soinu batzuk soilik nik ezagutzen ditut. Horiek aurkeztu nahi ditut.

Zein da zure publikoa?

Kontzertuaren arabera. Inprobisazioa jotzen dudanean, musika elektronikoa maite dutenak ere etortzen dira, gazteagoak.

Nola erakarri daiteke jende gehiago kontzertuetara?

Musika mota ezberdinak aurkeztuz. Saiatzen naiz programa zabala egiten: garaikideak, inprobisazioak eta film baten pieza ezagunen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.