Bergarak Estrasburgora jo du frankismoko krimenak iker daitezen

Europako Justizia Auzitegian kereila aurkeztu duen lehen udala da Bergarakoa. Bidea urra dezake gainerako udalek urrats bera egiteko

Bergarako Udaleko ordezkariak eta biktimen familiak, kereila auzitegian aurkeztu zuten egunean. BERGARAKO UDALA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Frankismoko krimenak argitu daitezen nahi du Bergarako Udalak, eta horretarako auzitegietan egin daitekeen bidea agortu nahi du. Euskal Herriko eta Espainiako tribunalen bidea agortu zuen lehenik, eta, orain, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea erabaki duen lehen udala da. Orain arte, auzitegietako bideek ez dute esperotako fruitua eman; izan ere, Amnistiaren Legearen ondorioz, ezin izan dira epaitu Frankismoaren krimenak. Bergarako udalbatzak iazko azaroan hartu zuen aho batez Estrasburgora jotzeko erabakia, eta, behin kereila bertan aurkeztuta, tramiterako onartzeko zain da egun.

2017ko abenduaren 18ko osoko bilkuran erabaki zuen Bergarako udalbatzak Bergarako epaitegian frankismoak eragindako «genozidio eta gizateriaren aurkako krimenengatik» kereila jartzea. Horrekin batera, Argentinan Maria Servini epaileak Frankismoko delituak argitzeko irekita daukan kausan Bergarako kasua ere sartzeko erabakia hartu zuten. Kereilan parte hartu nahi zutenei laguntza ematea, justiziaren eta memoriaren aldeko udalerrien sarean sartzea eta gerra krimenen errudun froga duten pertsonak epaituak izatea ere eskatu dute mozioan. Garai bertsuan erabaki zuten Hegoaldeko bertze hainbertze udalek kereilak aurkeztea, tartean mugakide dituen Arrasate eta Elgeta, (Gipuzkoa) eta Iruñea, bertzeak bertze.

Gaia herritarrekin landu ondotik, udalarekin batera bertze hamabortz pertsona batu ziren kereilara, eta hainbat biktimaren lekukotzak jaso zituzten. 2019ko ekainaren 14an paratu zuten kereila Bergarako epaitegian, eta epaitegiak ez zuen tramiterako onartu. Hala, handik Gipuzkoako Probintzia Auzitegira jo zuten, bertan helegitea paratzeko. Han ere, epaitegiak ez zuen tramiterako onartu, eta ondotik Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo zuten. Ezezkoa jaso zuten han ere.

Epaitegien ezezkoa

Bergarako Udala izan da Estrasburgora jotzen lehena, baina frankismoko krimenak argitzeko lanetan ari dira bertze hainbertze udal ere. Denetara, 30 udal inguruk hartu dute auzitara jotzeko erabakia. Alta, epaitegian jasotako emaitza ez da esperotakoa izan. Elgetako Udalak aurkeztutako kereila izan da orain arte tramiterako onartutako bakarra, baina hori ere artxibatuta dago egun. Udalez harago, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere aurkeztua du salaketa, eta esanguratsua da kasu hori. Izan ere, justiziaren bide osoa agortzeko prestutasuna duela nabarmendua du aldundiak. Egun, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago auzia, baina Espainiako bidea agortuz gero Estrasburgora eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordera joango dela nabarmendua du.

Bergarako kasuak bidea urra dezake, eta bertzelako udal eta erakundeak bultza ditzake Europarako bidea hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.