Koronabirusa

Eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan

LH5etik aurrerakoek maskara erabiliko dute ikasgelan. Beste 666 profesional kontratatuko dituzte

Santos Indurain eta Carlos Gimeno, atzo egindako prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19ak eragina izango du datorren ikasturtean, eta Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu zuten atzo zer aldaketa izango diren Nafarroako ikastetxeetan egoera berrira egokitze aldera.

Egunerokotasunean eragina izango duten neurrietako bat urritik aurrera martxan jarriko duten ordutegia da: eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan. Hezkuntza modalitatea, berriz, mantendu egingo dute: hasiera aurrez aurrekoa izango da etapa guztietan.

Ikasgeletako irudia ere aldatuko da. Izan ere, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasleek ikasgeletan ere maskara erabili beharko dutela ziurtatu du Indurainek; Haur HezkuntzatikLH4ra arteko ikasleentzat, aldiz, hautazkoa izango da ikasgelan, baina jantzi egin beharko dute eremu komunetan, ikastetxera sartzeko orduan eta handik irteteko orduan, eta autobusean. 3 urtetik beherako haurrek ez dute maskara jantzi beharko autobusean, baina segurtasun distantzia mantendu beharko dute.

Haur Hezkuntzan, ume kopuruan ere aldaketa egongo dela ziurtatu dute: gehienez, hogei ikasle egongo dira ikasgelako.

Eskolek eskaini ohi dituzten bestelako jarduerei dagokienez, jangela zerbitzuari eutsiko diote egunero; aldiz, bertan behera utziko dituzte ikastetxeek antolatutako eskolaz kanpoko jarduerak. «Printzipioz, ezingo dira horien osagarriak antolatu, osasun egoerak ez badu modurik ematen horretarako», azaldu zuen Gimenok.

Espero daiteke ikasgeletan ere agertuko direla positiboak, eta nola jokatuko duten zehaztu zuen Indurainek. LH4ra arteko ikasgeletan bizikidetza talde iraunkorrak sortuko dituztenez, eta horietan maskararik erabiliko ez dutenez, ikaskideren batek positibo ematen duenean, kontaktu zuzentzat hartuko dituzte ikaskideak. Hori dela eta, PCRa egingo diete, eta berrogeialdia egin beharko dute. Hamar egunen ondoren, berriz egingo diete proba. Irakasleek maskara erabili beharko dutenez, ez dituzte kontaktu zuzentzat hartuko.

Desberdin arituko dira LH5etik gorako ikasleekin. Maskara erabili beharko dutenez, ikasleren batek positibo ematen badu, ikasgela osoa ez dute kontaktu zuzentzat hartuko; beraz, guztiek ez dute PCRa eta berrogeialdia egin beharko.

Baliabide gehiago

Egoera berrirako baliabideak ezinbestekoak izango dira. Gimenoren hitzetan, «nabarmen» indartuko dituzte baliabide materialak eta pertsonalak. Besteak beste, 666 langile gehiago kontratatuko dituzte, baita jangeletan beste 183 zaintzaile ere. Gainera, zehaztu du garbiketa indartzeko lau milioi euro gehiago erabiliko dituztela. Gimenok azpimarratu duenez, espero baino 47 milioi euro gehiago izango ditu Hezkuntza Departamentuak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak ere itzulera izan du hizpide. Azaldu duenez, aztertzen ari dira nola jokatu ikasgeletan positiboak daudenean; izan ere, dio kontuan hartu behar dela zenbat ikasle izan diren, zenbat orduan egon diren batera... Gainera, berretsi du ez dietela PCR proba egingo irakasle guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.