Urrunketa bukatuko duten argitzeke segitzen du Marlaskak

Barne ministroak dio «politika antiterroristaren» neurri bat izan zela. Presoak banaka aztertuko dituzte. Agerraldia egin du legealdiko asmoez

Fernando Grande-Marlaska, atzo, Espainiako Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun

Bada urtebete Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak esan zuela euskal presoak urruntzea «politika antiterrorista» izan zela, ETA «garaitu» zuela estatuak eta aldatu beharko zituztela gauzak, baina atzoko agerraldian ere ez zuen argitu urruntze politika bukatuko duten. Legealdian egin nahi duena azaltzeko agertu da Barne ministroa, Kongresuan, ministerioko batzordearen saio batean. Berriro esan du urruntzearen funtzioa zein izan zen, baina gehienez ere adierazi du espetxe politika legedia betez segituko duela gobernuak, eta euskal presoen egoera banan-banan aztertuko dutela. «Horretan ari gara». Espainiako espetxe legediak dio presoek etxetik gertueneko kartzelan egon behar dutela deserrotze sozialik gerta ez dadin.

 

Marlaskak adierazi du ETAren biktimen elkarteek ez dutela protestarik egin gobernuak legedia bete ez duelako, eta haiek ez erabiltzeko eskatu du.

Euskal presoen auzian talde parlamentarioek egindako galderen ondoren eman ditu azalpenok, bere diskurtsoaren lehen partean modu orokor batean hitz egin baitu: kartzela arloan ere egoera berrietara egokitzeko gaitasuna izan behar dela, erregimen irekiaren alde egingo dutela, gizarteratzea hobetu behar dela...

Mikel Legarda EAJko diputatuak ministroari esan dio euskal presoak urruntzeko politikari eusteko segurtasun aldetik nahikoa arrazoi beharko lukeela Espainiako Estatuak —ETA deseginda dago—. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera aintzat hartzeko galdegin dio, haien kasuak ez daitezen heldu «preagoniara». Espetxe eskumena gauzatzeko baliabideak emateko eskatu dio, era berean.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak urruntze politika amaitzeko eskatu dio. «Mendekuan eta salbuespenean» oinarritutako politika deitoratu du, eta legedia jarraitzearen alde mintzatu da.

Enrique Santiago Unidad Podemoseko diputatuak ere «salbuespen politikaren» aurka hitz egin du, esanda preso bakar batek ere ez duela egon behar egoera horretan. Gobernuan PSOErekin batera dago Unidas Podemos.

PPk exijitu du ez egiteko gerturatzerik. «Justifikatuta dago presoak Espaini osoan egotea». Voxek ministroari leporatu dio azkeneko urte eta erdian 50 «onuratik» gora eman dizkiela euskal presoei, eta Eusko Jaurlaritzari espetxeetako eskumena ematearen aurka agertu da, «ezkutuko indultuak» leudekeelakoan.

Nafarroako trafiko eskumenaren gaia ere atera da agerraldian, eta Barne ministroak adierazi du «guardia zibil bat ere» ez dela aterako herrialdetik.

«Justizia, letra larriz»

«Justizia letra larriz egiteko nago hemen». Hala esan zion atzo Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak Juan Carlos Campo Justizia ministroari, horrek Kongresuan egindako agerraldian. «Errealitate mingarri eta oso injustu baten zuzeneko lekukoa naiz. Altsasun bizi izandakoa beste inork ez bizi izateko lan egitera animatzen nau horrek». Hain zuzen, Altsasuko auziko gazteetako baten ama da Pozueta. Campo ministroak erantzun dio konfiantza handiagoa izateko Justizian.

Legarda EAJko diputatuak adierazi du Espainiako Justizia sistemak «zilegitasun falta» duela; izan ere, haren esanetan, «aurreko erregimenetik bide beretik jarraitu den sentsazioa dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.