Koronabirusa

«Neurriak gero eta estuagoak dira, eta ez dakigu noiz arte izango den»

Kezkatuta ari dira zahar etxeetan: egoiliarrak babesteko neurri gero eta zorrotzagoak dituzte

Zahar etxeetan egiten dituzten ekintzak bertan behera utzi behar izan dituzte koronabirusa dela eta. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Estutzen» ari dira zahar etxeetan koronabirusa ez sartzeko babes neurriak. Zestoako San Juan egoitzan (Gipuzkoa) erizain dihardu Naiara Landak, eta azaldu du egunotan hainbat birmoldaketa egin behar izan dituztela osasun agintariek eman dizkieten irizpideei atxikita. Bisiten kontrola da agerikoenetako bat: gehienez ere ordubetekoak izan daitezke, eta senitarteko berak joan behar du beti; ezin da aldaketarik egin. Guztiei, gainera, tenperatura hartzen diete sartu aurretik. «Hasieran, 37,5 graduan jarri zen muga; orain, 37an. Hori gainditzen dutenek ezin dute sartu. Era berean, eztularekin-edo daudenei ez etortzeko esaten zaie». Langile guztiei ere tenperatura hartzen diete. Zahar etxean normalean egiten dituzten hainbat ekintza (eskola umeen bisitak, bingoa, erromeria...) bertan behera utzi behar izan dituzte. «Neurriak gero eta estuagoak dira; ez dakigu noiz arte izango diren». Landak dio egoiliarrek oro har ondo hartu dituztela neurriak, baina maiz entzuten dute itauna: «Noiz arte?».

Donostiako Txara 2 egoitzan erizain laguntzailea da Ana Sastre; ezinegona antzeman du hark ere. «Egoiliar askoren bizitza goitik behera aldatu da; asko ohituta daude goizean eta arratsaldean familiaren bisita izatera». Deitoratu du, gainera, usu sentitzen dutela egoitzak kudeatzen dituzten enpresek «estropezuka» hartu dituztela neurriak, eta bakoitzak bere erara. «Esaterako, badakigu egoitza batzuetan bisitak debekatzea erabaki dutela».

Uste izatekoa da neurriak zorroztu egingo dituztela, oro har administrazio guztiek, gainera; herenegun, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen galarazi egingo dituela bisitak zahar etxe eta epe luzeko osasun zentroetan. Gasteizen ere zaintzapean dago adinekoen zentro bat: han bizi ziren hiru lagun hil dira.

Babestu elkarteak Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarren senideak batzen ditu, eta egoera horrek sortzen dien ezinegona nabarmendu du elkarteko ordezkari batek, izenik eman gabe. «Badira haserre dauden familiak». Badakite COVID-19 gaitza oso oldarkorra dela adinekoekin, eta ulertzen dute neurri horien zergatia; berriki jakin dute, esaterako, Barakaldoko zentro batean (Bizkaia) positibo bat agertu dela, eta ulertzen dute oso garrantzitsua dela saihestea. Baina usu salatu dute baliabideak falta direla adinekoen ondo artatzeko, familiartekoen zaintza erabakigarria dela zaintza osatzeko, eta urduri daude horregatik.«Familiek lan handia egiten dugu», azaldu du elkarteko ordezkariak. «Eta orain senitartekoak haiekin tarte txikiagoan gaudenez, langile gehiago jarri beharko lituzke aldundiak. Logikoena hori litzateke». Nabarmendu dute adinekoak ondo artatzea bermatu behar dela betiere: «Izan ere, burua ondo daukatenentzat gogorra da egoera hau, eta inork ez daki, gainera, noiz arte luzatuko den».

Landa erizainak azaldu du oro har lanerako irizpide argiak jaso dituztela osasun agintariengandik: «Nahiko argi daukagu zer egin behar dugun. Beti ager daiteke, hala ere, argi ez dagoen egoeraren bat». Izan ere, guztiz apartekoa da koronabirusak ekarri duen krisia. «Baina zirkularrak-eta sarri-sarri iristen ari dira, eta materiala-eta behar dugun ere galdetu digute». Zalantza bat ere badute airean, hala ere: «Gutako bat gaixotu eta bakartzen bagaituzte, nor etorriko da lanera?». Sastrek adierazi du ez dakitela zer egingo duten lan egin ezinik geratzen badira tenperatura apur bat dutelako edo sukarra dutelako: «Ez dakigu zer protokolo jarraituko den horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.