DARWIN ETA GU

Igandea Monikarekin

Jose Mari Pastor -

2018ko uztailak 14
Vivement dimanche! -Betor igandea!- titulatu zuen Liberation egunkariak asteazkenean, Frantzia Munduko Futbol Txapelketako finalera iritsi ondoren. Azalean Umtitiren irudia, Belgikari gola sartu ostean. Horren ondorioz, La France trantzean egongo da bihar; batuago sentituko da futbolari esker. Belgikan antzera gertatu omen da. Taldea kanporatu arren, belgikartasunak garaipena lortu du, valoniarren eta flandriarren arteko diferentziak baztertuta.

Parisko egunkariko titularrak François Truffaut zuzendariaren filma ekarri du gogora. Vivement dimanche! lanaren argumentua: gizon bati —Jean Louis Trintignant— emaztea hil izana leporatu diote. Haren idazkaria -Fanny Ardant- errugabea dela frogatzen saiatuko da. Frantzian «pasio-hilketak» ulertzen direla esan diote Ardanti, ez kezkatzeko: gizonak jelosiagatik hil badu emaztea, ez diote zigor handirik jarriko.

Trintignantek ez du andrerik hil, ez filmean ez errealitatean, baina haren alaba Marie indarkeria matxistaren biktima izan zen: Noir Désir taldeko kantari Bertrand Cantatek hil zuen, 2003an. Senar ohiak emakumeari bidalitako mezuak eragin zuen eztabaida. «Istripua» izan zela argudiatu zuen Cantatek. Ezkertiarretan ezkertiarrena izateak ez zion eragotzi neska laguna hiltzea. Autopsiaren arabera, Marie Trintignant ez zen «erorketa» batengatik zendu, buruan eta aurpegian jasotako hemeretzi kolpe basatien ondorioz baizik. Cantat 2004an sartu zen kartzelan, eta 2007an irten. Vivement dimanche! 1983an filmatu zuen Truffautek. Hogei urte geroago, pasio-hilketak ulergarriak ziren Frantzian, antza.

Truffauten azken lana izan zen Vivement dimanche! Lehen film luzea, Les Cuatre Cent Coups, 1959an zuzendu zuen. Pelikulak kutsu autobiografikoa du. Orduko Parisen koadro humano bezain errealista da: Antoine Doinel nerabearen ikasgelan ia 40 ume daude, eta horietako batek baino ez ditu sustrai afrikarrak. Antoinerekin futbolean jokatzen duten gazte guztiak zuriak dira. Umtiti, Mbappé, Pogba eta besteen senideak ez dira oraindik heldu Frantziara. Kalean, hiru emakume baino ez ditugu ikusten zapia buruan. Eta hirurak frantsesak dira.

Antoinek eta bere lagun Renék hamaika gaiztakeria egiten dituzte, eskolan piper eginda. Arratsalde batean, zinematik irtetean, Harriet Andersson suediarraren afixa lapurtu du René ilehoriak. Ingmar Bergman-en Sommaren med Monika —Uda Monikarekin— filmean (1953), protagonista nagusia izan zen Andersson sex symbola. Monika, uda, desioaren natura. Sentsualitatearen igandea. Anderssonen argazkia Laurehun kolpeak filmean jartzea zuzendari frantsesak Bergmani eginiko omenaldi txikia da. Truffauten lana ez da inoiz zahartzen, «denok dakigunari buruz» mintzatzen delako, azaldu du Time Out aldizkariak. Bergmanen artea inoiz baino biziago dago egun, «galderarik zailenak filmatzen jakin zuen zuzendaria» delako, idatzi du La Nación egunkari argentinarrak. Bergman, zinemaren Shakespeare deitu dutena, 1918ko uztailaren 14an jaio zen. Gaur ehun urte. Igandea zen.

Larunbata da. Edadeko emakumeak zapata batzuk konpontzera eraman ditu, baina tailerra itxita dago. Asteburuan ez dutela irekitzen esan dio aldameneko dendako emakumeak. «Senarraren zapatak dira. Ekarri behar nituen, baina ahaztu egin zitzaidan eta gezurra esan diot, badaezpada». Gaur konpondu nahi ditu, baina ezin. Eta bihar, igandea. «Zerbait asmatu beharko dut». «Esaiozu zapatak oraindik ez dituztela konpondu», aholkatu dio dendariak.

Andrazkoa dendatik irten da, pentsakor. Astelehenean bertan zapatak konponduko balizkiote, ondo aterako litzaioke gezurra. Oihurik ez, liskarrik ez etxean. Edo batek daki… Uda hasi berria da. Bi ordu barru Belgika-Tunisia partida emango dute telebistan. Ardant bere nagusiaz, ustezko hiltzaile batez, maiteminduta dago. «Igandea etortzeko irrikan nago», esan dio. Pariseko zinema-areto zaharreko argiak aspaldi itzali ziren, baina Monikak bizirik segitzen du Antoine eta Renéren igande nerabean.