Urrutikoetxearen aurkako bi estradizio eta euroagindu bat aurkeztu ditu Espainiak

Frantziako epaile batek asteazkenean hartuko du presoa, aske utzi edo ez erabakitzeko. Fiskal batek jakinarazi dizkio Madrilen hiru eskaerak

Ekhi Erremundegi Beloki. Enekoitz Esnaola
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuak kosta lain kosta Auzitegi Nazionalera eraman nahi du Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkari ohia. Herenegun, Frantziako Dei Auzitegiak euskal presoa kontrol judizialpean aske utzi ostean, Madrilen atxilotze eskaera batengatik kartzelan sartu zuten berriro, eta, atzo arratsaldean, dei auzitegiko fiskalak jakinarazi zion Espainiaren bi estradizio eskaera eta euroagindu bat daudela bere aurka. Fiskalak atzera berriz ere Parisko La Santeko espetxera bidali zuen, eta epaileak datorren asteazkenean hartuko du, hiru auzietako prozedura den artean preso atxiki ala ez erabakitzeko.

Auzitegi Nazionalak ETAren 1980ko eta 1987ko hilketa batzuengatik aurkeztu ditu estradizio eskaerak, eta gizateriaren kontrako krimenengatik galdegin du euroagindua gauzatzea. 1980ko hilketa Gasteizen gertatu zen: Michelin lantokiko arduradun Luis Maria Hergueta hil zuen ETAk, eta han parte hartzea leporatzen diote Urrutikoetxeari. 1987koa, berriz, Zaragozan (Espainia) jazo zen: Guardia Zibilaren kuartel baten aurka bonba-autoa lehertu zuen ETAk, eta 11 lagun hil zituen; atentatua agindu izana leporatzen diote euskal presoari. 1980ko eta 1987ko kasuak euroagindua 1993an indarrean jarri aurrekoak izateagatik eskatu dituzte horietan estradizioak.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak atzo eguerdian esan zuen «inolako dudarik» ez daukala Frantziak Espainiaratu egingo duela Urrutikoetxea, egozten dizkioten auziengatik epaitu dezaten. Ministroak bi estatuen arteko «konfiantza eta aitortza» nabarmendu du. «Erabateko konfiantza dut Frantziarekiko lankidetza judizialean».

Auzitegi Nazionalak etakide ohia 2002an deitu zuen deklaratzera 1987ko atentatu haregatik, baina inputatua ez zen azaldu. Bilatze eta atxilotu agindua eman zuten orduan. Haren seme Egoitz Urrutikoetxeak gaur zortzi AFP Frantziako berri agentzian adierazi zuen aitak ez zuela zerikusirik izan ekintza militar harekin. «Nire aita [Parisen] 1990ean ETAren nazioarteko eta talde politikoko arduradun moduan zigortu zuten, sekula ez talde militarreko kide moduan». Kondena bete zuenean, Frantziak Espainiaratu egin zuen, 1996an —1989an atzeman zuten—, eta Madrilek 2000ra arte badaezpadako kartzelaldian eduki zuen. Auzibide berrien saio guztiak antzuak gertatu ondotik eta Frantziaren espetxe zigorreko akusazioagatik berriro ezin zutenez epaitu, aske utzi zuen epaileak, kargurik gabe.

Dei auzitegiak herenegun eguerdian deliberatu zuen euskal presoa baldintzapean aske uztea, baina, Espainiaren atxilotze eskaera bat zela eta,DGSI Poliziakarratsean atzeman zuen, artean La Santeko espetxean zela. Dei auzitegiko fiskal nagusi Catherine Champrenaultek libre uzteko erabakiaren aurkako kasazio helegitea aurkeztu zuen atzo.

Familiaren ustea

Egoitz Urrutikoetxearen esanetan, aitak datorren uztailaren 10erako deialdi baten berri jaso zuen joan den asteartean, Espainiaren atxilotze eskaerari bati buruzkoa, eta azaldu du dei auzitegiak hartutako erabakiaren ostean jakinarazpen hori aurreratzea erabaki zutela eta horregatik atzeman zutela berriro. Euskal Irratietan adierazi duenez, atxiloketaren atzean Frantziako Gobernuko Defentsa edo Justizia Ministerioaren «mugimendu batzuk» egon daitezke; azaldu du epaile batek azterketa hori egin diola familiari, eta, hala, uste dutela «goi mailan» hartutako erabaki bat izan dela. «Justizia erabaki bat ez onartzea eta zangopilatzea erabaki dute».

Bakegileek azaldu dute ETA desagertu ondorengo testuinguruan «onartezina» dela Urrutikoetxea espetxeratzea. «Espainiako zein Frantziako estatuek ez dute azkeneko zortzi urteotan gizarte zibilak bultzaturiko lana kontuan hartzen. Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean libratzea galdegiten dugu», nabarmendu dute ohar bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.