AHTaren lan gehiago bere gain hartzea proposatu dio Jaurlaritzak Madrili

Jaurlaritzaren lanerako gaitasuna nabarmendu du Tapiak. Gipuzkoako plataforma amaitu dute

AHTaren lan gehiago bere gain hartzea proposatu dio Jaurlaritzak Madrili.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trena eraikitzeko eskumena Espainiako Sustapen Ministerioak du Hego Euskal Herrian, baina Gipuzkoako plataforma eraikitzeko lanak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zituen. Orain, lan horiek amaituta, Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuari proposatu dio Jaurlaritzak bere gain hartzea falta diren obrak ere: besteak beste, trenbidea eta katenaria jartzea. Urkulluren arabera, «berehala hastea» posible izango litzateke, betiere Espainiako Sustapen Ministerioak ahalbidetuko balu.

Lehendakaria eta Arantxa Tapia Azpiegitura sailburua Antzuolan (Gipuzkoa) izan ziren atzo, obrak ikusten, eta «pozik» agertu ziren plataformaren eraikuntza lanak amaitu dituztelako. Tapia sailburuak Jaurlaritzaren «egiten jakitea» nabarmendu du: «Arrakastaz, epe barruan eta modu egokian, Euskal Y-a martxan jartzeko agindutako proiektuak eta lanak osatzea lortu du». Sailburuak, halaber jakinarazi du Jaurlaritza aurreikusitako epeak betetzen ari dela, eta 2023rako eginbehar guztiak «arrakasta osoz» amaiturik izango dituela.

Trenak Bilbo, Donostia eta Gasteizera iristea azkartu nahi du lehendakariak, eta, horregatik, atzerapenak saihestea galdegin dio Sustapen Ministerioari. Atzerapenek «lurraldearen garapen sozioekonomikoari kalte» egiten diotela erantsi du.

Tapiak, bestalde, zalantzan jarri du Espainiak abiadura handiko trenarekin duen politika, eta haren jarrera kritikatu du: «Oraindik ez da penintsularen iparraldea eta Europaren arteko konexioa osatzeko gai izan». Sailburuarentzat, lehentasunezkoa da korridore Atlantikoak nazioarteko lotura izatea, baina aitortu du «errealitate izatetik urrun» dagoela.

Abiadura handiko trenak Bergara eta Hernani lotzen dituen hamasei tarte ditu Gipuzkoan, eta Eusko Jaurlaritzak amaitu berri du tarte horiek lotzen dituen 57 kilometroko plataforma. Antzuola-Ezkio tartea bukatuta, Astigarragatik Donostiara sartzeko azken zatia eta geltokia baino ez dira falta. Geltokiaren eskaintza irailean egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Eusko Jaurlaritzak 1.723 milioi euro jarri ditu plataforma eraikitzeko, eta azpiegituraren %70 tunel barrutik egin behar izan dute. Azpiegituren «konplexutasunaz» ohartarazi du Urkulluk, eta obretako enpresek egindako lana goraipatu du.

Jaurlaritzak bere zatia amaituta, Bergarako lotunea eta hiriburuetako sarbideak daude egiteko. Gainera, argitzeko dago Euskal Y-a eta Nafarroa nola lotuko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.