Emakume etxegabe bat hilik aurkitu dute Baionan

Emakumearen heriotza «naturala» izan da, Frantziako Poliziaren arabera. Etxegabeen egoera salatzeko, protesta eginen dute bihar

Etxegabe bat Donostian. Artxiboko irudia. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Baionako Herriko Etxeak etxegabeen kontrako neurriak hartu dituela salatu zuen herenegun herritar kolektibo batek. Jean Rene Etxegarai auzapezak izenpetutako neurri sorta bat jarri dute jomugan, etxegabeen kontrako «diskriminazioa» egiten duelakoan. Ostiralean sartu ziren neurriak indarrean, eta, bi egun geroago, iragan igande goizaldean, emakume etxegabe baten gorpua atzeman zuten Baionako Euskaldunen plazan. Hilik agertu zen emakumea, eta Frantziako Poliziak hartu zuen afera bere gain.

Baionako Polizia EtxeakBERRIAri baieztatu dio «heriotza naturala» izan dela. 51 urte zituen emakumeak, eta urte bat zeraman leku horretan lo egiten, bikotekidearekin, turismo bulegoko egoitzaren ondoan. Igandean, gizonak atzeman zuen andrearen gorpua. Gertatutakoaren aitzinean, auzoko herritarrek hedabideetan deitoratu dute «egoera oso triste eta gordina» izan dela.

Etxegabeek pairatzen duten egoera salatzeko eta Baionako Herriko Etxeak izenpetutako agiriaren ezeztatzea galdegiteko, herritarrek protesta eginen dute bihar. Herriko etxe aitzinean bilduko dira 16:30ean, Pobreen kontra egin ordez, pobreziaren kontra egin dezagun! lelopean; gauera arte gelditzeko asmoa dute.

Neurri «baztertzaileak»

Agiriak «karriken gehiegizko okupazioa» debekatzen du goizeko zortzietatik gauerdira arte, baita «jarririk edo etzanik» egotea ere «ibiltariak trabatzeko arriskua den lekuetan». Bi txakur baino gehiago elkartzea ere debekatu du auzapezak. Bestalde, puska zenbait karrikan biltzea legez kanpokotzat jo du; janaria prestatzeko materiala, oihalak hedatzeko materiala eta txakurrak bazkatzeko tresnak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.