Koronabirusa

Maskara bai, «zentzuz»

Espainiako Gobernuak kalean maskara erabiltzera derrigortu du berriz. Adituen ustez, ordea, premiazkoa da leku itxietan neurriak ezartzea kutsatzeak murrizteko.

Andre bat maskararekin, kalean, prebentzio afixa baten ondoan. JON URBE / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Kanpoaldean maskara erabiltzea berriro ere derrigorrezkoa da Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herriko herri nagusietan ere indarrean da neurria: hala nola Baionan, Angelun eta Miarritzen (Lapurdi). Hego Euskal Herrian, bada, gaurtik indarrean da, Espainiako Gobernuak hala erabaki ondoren. Neurriak, baina, hautsak harrotu ditu, baita komunitate zientifikoan ere: aire zabalean maskara erabiltzea, jende pilaketarik ez dagoen lekuetan, «zentzugabea» da, aditu askoren erranetan.

Ugo Mayor EHUko Ikerbasqueko ikertzaileak, hasteko, maskararen erabileraren helburua zein den oroitarazi du: «COVID-19a arnas aparatuko gaixotasuna da. Batetik, kutsatua den beste pertsona batetik gertu izanez gero, arriskua dago kutsatzeko. Bestetik, leku itxietan kutsatuta dagoen norbait izanez gero, birusa airean pilatuta geratzen da, eta, beraz, arnasketaren bidez kutsatzeko arriskua ere badago. Maskara kapa gisako bat da, kutsatze arriskuak ekiditeko balio duena». Zehaztu du maskara mota ezberdinak daudela, eta garrantzitsua dela dituzten ezaugarrien arabera jokatzea. «FFP2 motako maskarek aire gehiago filtratzen dute. Kirurgikoekin, berriz, albotik sar daiteke airea. Toki itxi eta aireztatu gabekoetan, adibidez, hobe da FFP2 motakoa erabiltzea».

Baina, dena den, aire zabalean maskara erabiltzera derrigortzeak, pilaketarik ez izanez gero, «ez du zentzu askorik», Mayorren ustez. Harekin bat egin du Miren Basaras mikrobiologoak: «Kalean bagaude, aire zabalean, distantziak mantenduta, ez du zertan derrigorrezkoa izan maskara erabiltzea».

Bi adituek azpimarratu dute leku itxietan eta distantziak atxikitzea ezinezkoa denean erabiltzea dela beharrezkoa, kutsatzeak murrizteko. Are gehiago, datuak markak hausten diren honetan, Basarasek uste du bestelako neurriak behar direla. Kutsatze gehienak leku itxietan gertatzen direnez, «neurri hori bakarrik jartzea ez da eraginkorra», haren arabera. Toki itxietako edukierak mugatzea pertinenteagoa litzatekeela uste du: «Birusa badakigu non transmititzen den, berdin du zer aldaera den: leku itxietan eta aireztapen txarreko lekuetan». Beraz, aireztapena bermatzeko tresnak eta baliabideak eskuragarri jartzea ere gomendatu du.

Egoera laburbilduz, Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak gogora ekarri du kutsatzeak ekiditeko «hirutik bi formula», eta «komunikatiboki» ere eraginkorragoa dela uste du: «Aireztapena, maskara, distantzia. Hiru horietarik gutxienez bi bete behar dira, beti». Esplikatu du, gainera, kutsatzeak non gertatzen diren jakiteko egindako ikerketa guztiekin ondorio bat atera dutela zientzialariek: «Agerraldi guztietatik, gehienez ere, %10 gertatzen dira kanpoaldean. Baina kontuan izanda horien artean badirela neurriak betetzen ez diren leku batzuk: kontzertuak, jende pilaketak... Horrek esan nahi du ebidentziek bermatzen dutela kanpoan arriskua txikia dela».

Komunikazio «akatsa»

Neurria ezarri eta berehala, haserrea eragin du, eta anitz izan dira desadostasuna erakusteko mezuak sare sozialetan. Galarragak kezka erakutsi du «komunikazio akatsek» neurrien atxikimenduari begira duten eraginagatik: «Komunikazio egokia egitea ezinbestekoa da, bestela sinesgarritasuna galtzen duzulako». Hala, neurri eraginkorrak jartzen direnean, arriskua da horiek ez betetzea. «Horrek eragiten du ere komunitate zientifikoarenganako konfiantza txikitzea».

Dena den, hiru adituek argi dute birusaren oldarraldiari aurre egiteko beharrezkoa izanen dela neurri «eraginkorragoak» ezartzea, kasuek gora egiten segitzen dutelako. Mayor: «Gauza asko daude egiteko: telelana sustatu, edukierak mugatu, probak eskura jarri, eta, batez ere, informazio zuzena hedatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.