Etxebizitza legea berritu du Nafarroako Parlamentuak

Gobernuko alderdiek alde bozkatu dute, eta EH Bilduk abstentziora jo du. Alokairuen prezioa erregulatzea jasotzen da legean

Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Etxebizitza legearen erreforma onartu du Nafarroako Parlamentuak. PSNren, Geroa Bairen, Podemosen eta Ezkerraren aldeko botoek eta EH Bilduren abstentzioak eman dute horretarako modua; Navarra Sumak aurka bozkatu du.

Legearen xedea da alokairuen prezioei buruzko «diagnosi erreal» batetik abiatu eta tresna berriak ezartzea herritarrentzat «eskuragarria» izango den etxebizitza babestuen parke bat sustatzeko, «tentsio bereziki handiko» eremuak arautzeko. Batetik, babes ofizialeko etxebizitzen izaera mugagabea ezarriko da. Bestetik, jabe handien etxebizitzak hutsik dauden etxebizitzen Nafarroako Gobernuaren erregistroan gehitzeko epeak bizkortuko dira.

«Tentsio handiko eremuetan» alokairuen prezioak erregulatzeko neurriak ere jasotzen ditu legeak, eta horretarako jasangarritasun indize bat zehaztuko da. Legearen arabera, «tentsio handiko eremutzat» hartzeko beharrezkoa izango da eremuko etxebizitzen salmenta edo alokairu prezioak Nafarroako KPI kontsumorako prezioen indizea baino gutxienez %5 gehiago handitu izana azken bost urteetan. Horrez gain, hipoteken edo alokairuen kostuak —gastuak eta oinarrizko hornidura barne— etxebizitzen batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izan beharko du.

Etxebizitza eskubidea

PSNko Arantza Biurrunen esanetan, «lehentasunezkoa» da «arrazoizko prezioak dituzten etxebizitzak» eskuratzeko beharrari erantzutea, eta lege berriak etxebizitza merkatuaren «oinarrizko arazoei» erantzungo die. Geroa Baiko Ana Ansak, berriz, babes ofizialeko etxebizitzen mugagabetasuna nabarmendu du, haiekin «aberasteko» aukerari ateak itxi dizkiolakoan. Antzera mintzatu dira Podemoseko eta Ezkerrako kideak. Biek ere legearen adostasun maila eta alderdiek eginiko lana txalotu dituzte.

EH Bilduko Maiorga Ramirezek bat egin du «etxebizitzarako eskubidea bermatzeko» deiarekin, baina ez du «ase» legeak: «Pauso bat izan daiteke, baina bide luzea dago egiteko». Izan ere, uste du legeak ez duela konpontzen arazoa; «beste behin, etxebizitza negozio edo espekulazio gisako kontzeptuekin lotzea». Navarra Sumako Juan Luis Sanchezek, berriz, «xantaiatzat» jo du legea, alokairuak erregulatzea «porrot egin duen neurri bat» delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.