Donostia ospitalean protestek segituko dute agiri «zehatzago» bat lortu arte

Osakidetzaren eta langileen arteko dokumentu trukea joria izan da: bost testu idatzi dituzte jada

Donostia ospitalean egindako elkarretaratzeetako bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Zehaztasuna». Hori falta dute, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan abendutik protestan ari diren langileen ustez, Osakidetzak akordio bat lortze aldera egin dizkien proposamenek. Horiek horrela, behin betiko dokumentuak behar adinako «zehaztasuna» ez duen bitartean, protestak egiten jarraituko dute: alegia, Donostia ospitalearen parean elkarretaratzeak egiten jarraituko dute.

Oihartzun handia izan dute protestok, lehen lerroan jarri baitira erietxeko zerbitzuburu gehienak; itzala eta boterea izaten dute zerbitzuburuek ospitaleetan, eta haiek protestan ikusteak harridura eta ezinegona sortu du. Protestan ari diren denak ez dira, hala ere, zerbitzuburuak; batzar batean elkartuta ari dira langileak, eta bestelako kategorietako profesionalak ere badira.

Abenduaren hasieran hasi zituzten protestok, eta, ordutik, astelehen goiz gehienetan berritu dituzte mobilizazioak. Esana zuten atzo ez zutela egingo elkarretaratzerik, baina batzarra egingo zutela, eta hor erabakiko zutela zer erantzun eman Osakidetzatik jasotako proposamenei. Lehengo astetik jakina zen hainbat dokumentu trukatu zituztela bi aldeek, eta langileak aztertzen ari zirela zer egin. Urtarrilaren 18an bilera izan zuten Osakidetzako buruekin, eta han aurrerapausoak ikusi zituztela esan zuten; argi utzi zuten, ordea, ahoz jasotakoak «idatziz» ikusi nahi zituztela. Erantzunean «zehaztasun» handiagoa nahi dute orain.

Laugarren dokumentua

Felix Zubia eta Jon Zabaleta medikuek eman zituzten atzo gatazkaren egoerari buruzko argibideak kazetarien aurrean. Aditzera eman zutenez, Osakidetzak eman dizkien erantzunetan idatzita daude edukiei zehaztasuna kentzen dieten hainbat eranskin. Esaterako, bertan jarritakoak «ahal bada» egingo direla jarri dute, edota horiek betetzeko «borondatea» dutela. Horiek horrela idatzita ikusita, ordea, konplituko ez diren kezka dute langileek, eta horregatik erabaki dute protestak ez etetea. Dokumentu trukean ez galtzea nahi dute langileek; azkena bidali zioten txostena Osakidetzak bere horretan izenpetzea nahi dute orain. «Hori lortu arte, erietxeko atean egongo gara».

Denera bost dokumentu trukatu dituzte bi aldeek negoziazioetan. Langileen nahia da laugarren dokumentua onestea; beraiek zuzendaritzari bidali zioten, eta bidali zuten eran izenpetzeko eskatzen dute, aldaketarik gabe.

Bost eskaeren inguruan

Bost eskari zehatz plazaratu zituzten abenduaren 28an langileen ordezkariek, eta horiek lortzeko ahaleginetan ari dira orain. Felix Zubiak puntuz puntu esplikatu du zertan dagoen egindako eskabideei emandako erantzuna.

Lehen puntua izan zen Donostia erietxeko zuzendaritza medikoak ondo ezagutzea ospitalea, eta esan diete aintzat hartuko dutela hori. Bigarren eskean, langileen parte hartzea bermatzeko organo bat eskatu zuten; Osakidetzak orain adierazi die parte hartze hori bideratuko dela dekretu jakin batek emandako irizpideen arabera, eta langileak ez ditu ase erantzunak: eskea beteko den «konpromisoa» nahi dute. Ardura postuak ebaluatzea izan zen hirugarren eskea, eta hor lan batzorde bat martxan dela ikusi dute. Laugarren eskeak langileen egonkortasuna hobetzeko hainbat neurri zituen, eta zentroaren «erreferentzialtasunaren» alde egiteko ere eskatu zuten; bide horretan, LEP lan eskaintza publikoan, erietxeko langileen soslaiak bere horretan jarraitze aldera, hainbat eskari «espezifiko» egiteko eskatu zuten; orain erantzun diete, ordea, hori«ahal bada» egingo dela. Bosgarren puntua Onkologikoaren geroarekin lotuta zegoen; hor urratsak ikusi dituzte. «Beraz, bigarren eta laugarren puntuak falta dira», laburtu zuen atzo Zubiak.

Protestan ari diren asteotan langileen artean «nekea» nagusitzen ari dela onartu zuen. Hala ere, etsitzeko asmorik ez dutela nabarmendu zuen: «Bileretatik ateratzen gara pentsatuz bidea eginda dagoela, eta gero luzatu egiten da; ez dakit intentzioarekin egiten duten hori, gu nekatzea nahi duten. Baina ez dugu amore emango». Osakidetzako buruekin oraingoz ez daukate bilera gehiagorik hitzartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.