Ikasgelan ere, baztertuak

Ikasleen azalaren koloreak eragina izan dezake emaitza akademikoetan, ongizate emozionalean eta ikasketen norabidean.

Irakasle zuriek aurreiritzi gehiago izan ohi dituzte ikasle beltzekin, zuriekin baino. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Oraindik ere bada arrazagatiko hierarkia». Travis Bristol irakasleak (New York, AEB, 1982) dio Euskal Herrian eta oro har gizarte gehienetan «tabua» dela arrazakeriaz eta haren ondorioez mintzatzea. «Arrazakerian ez pentsatzeak edo arreta ez jartzeak ez du erran nahi arrazagatiko hierarkiarik ez denik. Oraindik eragina du irakasleek ikastetxeetan duten jarreretan». Hala frogatu dute Bristolek eta haren lankide Tolani Britton irakasle eta ikerlariak (New York, AEB, 1980). EHU Euskal Herriko Unibertsitateak gonbidatuta, Donostian izan dira, ikerketa horren nondik norakoak azaltzen.

Batez ere, bigarren hezkuntzako eskoletako ikasleengan jarri dute arreta, AEBetan. Britton: «Ikusi dugu irakasle beltzak dituzten ikasle beltzek emaitza hobeak dituztela. Adibidez, ikasle batek irakasle beltz batekin emaitza hobeak izan ohi ditu azterketetan, aurreko urtean irakasle zuri batekin izandakoak baino». Efektu bera du Hego Amerikatik AEBetara joandako ikasleek leku hartako irakasleak izateak. Bristolek dio, gainera, biak gizonezkoak badira emaitzak hobeak izan daitezkeela, sexuak ere eragina duelako emaitza akademikoetan. Azaldu dutenez, ikasleen arteko desberdintasun horiek are nabarmenagoak dira AEBetako hiri handietan; New Yorken, adibidez.

Brittonen arabera, aldea ez da mugatzen emaitzetara bakarrik: «Ikasle beltzek irakasle beltzak dituztenean, gutxiago jasaten dute bazterketa diziplina deritzoguna». Diziplinatzeko modu horrek jarduera akademikoa mugatzen die ikasleei; izan ere, aldi baterako kanporatu ohi dituzte, eta, ondorioz, gainerako klasekideak baino atzeratuago amaitzen dute ikasturtea. Ikerlariek azaldu dute frogatuta dagoela ikaslearen eta irakaslearen arteko antzekotasunek eragina dutela emaitza akademikoetan, arlo sozialean eta ongizate emozionalean, baina ez dagoela guztiz zehaztuta harreman horrek zenbateraino eragiten duen ikaslearen diziplinan.

Bigarren hezkuntzaz harago ere ikertu dute, eta ikusi dute ezen, maila horretan ikasleak eta irakasleak etnia berekoak badira, aukera handiagoa izanen dela ikasleak unibertsitatean izena eman dezan; eta, beraz, bigarren hezkuntza uzteko arriskua ere txikiagoa izaten da.

Hori gertatzen da, batez ere, Hego Amerikako eta Asiako jatorria duten eta AEBetan bizi diren ikasleekin. Bi talde horietako ikasleen eta irakasleen arteko harremanek arlo akademikoan dituzten ondorioak aztertzen aitzindariak izan dira Bristol eta Britton. Aztertu dute nolako eragina duen etnia berekoak izateak unibertsitaterako sarbidean, baina oraindik ez dute bertan jarraitzeari lotutako daturik.

Aurreiritziak nagusi

Baina nola esplika daiteke irakasle baten ezaugarriek hainbertze baldintzatzea ikaslearen errendimendua? Brittonek bi azalpen eman ditu: «Irakasle beltzek itxaropen handiagoa dute ikasle beltzengan, eta aurreiritzi gutxiago ikasleekin». Adibidez: «Irakasle beltz batek ikusten baditu ikasle beltz bat eta zuri bat modu jakin batean jokatzen, ez du pentsatuko ikasle beltzak zuriarengan eragin negatiboa izan duela». Azaldu du jarrera hori irakasle zuriek izan ohi dutela: «Bi ikaslek berdin jokatu arren, irakasle zuriek jarrera desberdina izan ohi dute beltzarekin».

Halako aurreiritzi eta jarrerak norbere bizipenekin lotuta daudela dio Brittonek. Edozein arrazoirengatik ikasle zenean bazterketa jasan zuen irakaslea «toleranteagoa» izanen da egoera antzekoan edo berean egon daitekeen ikaslearekin. Eta jarrera jakin batzuk ez ditu modu negatiboan interpretatuko. Ikasleek ez dituzte oharkabean pasatzen uzten halako jarrerak, eta, anitzetan, ikasle batek bere jarrera alda dezake antzematen badu irakasle batek desberdin tratatzen duela bere aurreiritziengatik.

Irakasleen aurreiritziak amaitzeko ez dago formula magikorik. Aurrera egiteko, guztiek ikasketa prozesu bat egin behar dute. Bristolek dioenez, arazoa ez da amaituko, adibidez, Hegoafrikatik Euskal Herrira etorritako ikasleendako propio herrialde hartako irakasleak kontratatuz. Irakasle guztiak arlo horretan prestatzea da gakoa.

Brittonek egindako bertze ikerketa batek agerian utzi du arrazagatiko hierarkia unibertsitateetan ere badela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.