Artista eta diktadorea

Enrique Tenreiro sortzaileak pintaketa bat egin du Francoren hilobian, «askatasunaren eta espainiar guztien adiskidetzearen alde». Bideoa albistearen amaieran.

Enrique Terneira artistaren atzoko ekintzaren lau une. BERRIA.
Erredakzioa
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

Era guztietako erantzunak ari da jasotzen Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haraneko elizatik (El Escorial, Madril) ateratzeko Espainiako Gobernuak hartutako erabakia. Enrique Tenreiro artistarena izan da azkena. Atzo eguerdian, pintaketa bat egin zuen tenplu horretan dagoen diktadorearen hilobian: uso bat margotu zuen, eta Por la libertad (askatasunarengatik) idatzi, pintura gorri-laranjaz.

Haren hitzetan, «askatasunaren eta espainiar guztien adiskidetzearen aldeko» mezu bat ematea zuen xede. «Ez dut nahi garaiturik egotea. Ez dut ezer Francoren aurka», adierazi zuen, segurtasun langileak helduta zuen bitartean.

Eta 11:00etako meza egiten ari ziren bitartean egin zuen ekintza artistak, hogei bat pertsona han zirela. Errezatzen hasteko keinua egin zuen, eta hilobiaren parean makurtu zen, eskuineko eskua poltsikoan zuela. Keinu azkar batekin atera zuen margoa, eta kendu zituen diktadorearen hilobiaren gainean zeuden loreak. Ez zuten atxilotu, baina ikertzen ari dira «gorrotozko deliturik» egin duen ala ez.

Vatikanoaren erantzuna

Abuztuan, Espainiako Gobernuak dekretu bidez erabaki zuen Franco hobitik ateratzea, eta urtea amaitu baino lehen egin nahi du hori. Diktadorearen hurkoek eskatu dute Madrilgo La Almudena katedraleko kriptan duten panteoira eramateko, baina hori eztabaida iturri bihurtu da. Gobernua ez dago ados, uste baitu frankismoa goresteko leku bihur daitekeela eliza; horrek, gainera, urratu egingo luke Memoria Historikoaren Legea, gisa horretako lekuak debekatzen baititu.

Eztabaidara sartu da Vatikanoa ere. Hango estatu idazkari Pietro Parolinekin bildu zen astelehenean Carmen Calvo Espainiako presidenteordea. Calvok ohar batean adierazi zuen Eliza katolikoko buruek bat egin zutela gobernuaren jarrerarekin, baina agiria kaleratu eta minutu gutxira, informazio hori ukatu zuen Vatikanoak. Esan zuen ez duela auzian «nahastu» nahi.

[youtube]https://youtu.be/0vLr1fZ-TOs[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.