AEBek erabat eten nahi dituzte Iranen petrolio esportazioak

Teheranen bahimenduan egindako salbuespenak datorren astean amaituko ditu Washingtonek
Manifestazio bat Teheranen, hilaren 12an, AEBek Irango Guardia Iraultzailea talde terrorista izendatzearen aurka.
Manifestazio bat Teheranen, hilaren 12an, AEBek Irango Guardia Iraultzailea talde terrorista izendatzearen aurka. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Iker Aranburu -

2019ko apirilak 23
Iranen aurkako gerra ekonomikoa gogortzea erabaki du Donald Trump AEBetako presidenteak. Zerora murriztu nahi ditu herrialde haren petrolio esportazioak, neurri horrek Teherango gobernua itoko duelakoan. Horretarako, datorren astean bertan behera utziko du herrialde batzuei Irango petrolioa erosteko emandako baimena. Petrolioaren prezioak gora egin du nabarmen iragarpenarekin, eta gehiago igo daiteke, baldin eta Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek ez badute ekoizpena berehala handitzen.

«Helburua sinplea da: sosak kendu nahi dizkiogu aiatolen erregimenari, ez dezan jarraitu Ekialde Hurbila desegonkortzen eta herrialde normal baten moduan porta dadin», justifikatu zuen Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak, atzo, neurriaren berri ematean. Pompeok gogorarazi zuenez, Teherango gobernuaren aurrekontuaren %40 betetzen du petrolio esportazioen etekinekin.

Joan den maiatzean erabaki zuen Trumpek AEBen sinadura kentzea Iranen programa nuklearra bukatzeko akordiotik. Ondoren, isunen bitartez, Iranekin merkataritza egitea galarazi zien AEBekin tratuak nahi zituztenei. Baina Etxe Zuriko maizterra ez zen ausartu Iranen petrolio esportazioak guztiz trabatzera, beldur baitzen neurri horrek asko igoko zuela gasolinaren prezioa, eta, kalte egingo ziola 2020ko hauteskundeak berriro irabazteko lehian. Horregatik, ezustean, sei hilabetez baimena eman zien zortzi herrialderi Iranen petrolioa erosten jarraitzeko. Haien artean daude NATOko kideak —Grezia, Italia, Turkia—, aliatuak —Japonia, Hego Korea, Taiwan—, baina baita India eta Txina ere.

Txina da eroslerik handiena; Bloombergen arabera, egunean 615.000 upel erosten ditu Irandik, eta, Teheranen aurkako zigorren aurka dagoenez, erosten jarraituko duela iragarri du. Martxoan, egunean 1,9 milioi esportatu ahal izan zituen Teheranek; orain, milioi batera jaitsiko da kopuru hori. Milaka milioi euroren galera, diru horren behar gorria duen gobernu batentzat.

Saudi Arabiaren zain

Washingtonen iragarpenak petrolioaren berehalako garestitzea ekarri du. %3tik gora igo zen atzo Brent upelaren prezioa, 74 dolarreraino. Azken sei hilabeteetako preziorik handiena da.

AEBek Iranen aurkako bahimendua berriz hasiko zutela jakiteak 85 dolarrera igo zuen upelaren prezioa iazko irailean, baina abenduan 50 dolarrera jaitsi zen, zabaldu zenean Iranen bezero nagusiekin salbuespenak egingo zituela. Azken asteetan berriro goranzko bidea hartu du upelaren prezioak; ekoizpenari eusteko arazo latzak dituzte Venezuelak eta Libiak, eta iturria guztiz ez irekitzea erabaki dute LPEEko nagusi Saudi Arabiak eta haren aliatuak, Arabiar Emirerri Batuak.

Azken horiekin tratua egin duela dio orain Washingtonek, eta Irango petrolioak merkatuan utziko duen zuloa estaliko dutela. Baina ikusi beharko da egia ote den, ez baitira AEBez gehiegi fio. Iazko bigarren erdian ekoizpena asko handitu zuten, Iranen merkatua bereganatu nahian, baina AEBek bahimenduaren salbuespenak ezarri zituenean, nahi baino merkeago saldu behar izateak haserretu zituen. Arabiar Emirerri Batuek diote ez dutela berriro akats bera egingo. Maiatzean dira biltzekoak Saudi Arabia, Errusia eta beste ekoizle handiak; LPEEk, berriz, ekainerako du bilera.

Irango Gobernuak jakinarazi du ezin badu petroliorik esportatu Hormuzeko Itsasartea itxiko duela. Hortik abiatzen dira Iranen petrolioa esportatzen duten petroliontziak, baina baita Irak, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuenak ere. Itsasoz garraitzen den petrolioaren heren batek igarotzen du itsasartea, petrolio osoaren %20.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna