Gaur eta bihar bilduko da Hualde eledunekin, inbestidura aztertzeko

Orain Maria Txibitek du hautagaitza aurkezteko aukera handiena, baina PSNk ez du presarik

Atzo, mahaiaren eta eledunen legealdiko lehen bilera. Ezkerra eta Ahal Dugu-ko kiderik ez zen izan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
PSNk ez du presarik. Atzerako kontaketa maiatzaren 26ko gauean hasi zen. Bi hilabete falta dira gobernua osatzeko epemuga amaitzeko. Gaur eta bihar, Unai Hualde talde eta alderdietako eledunekin bilduko da inbestiduraren aukerak aztertzeko. Gaur, 10:30etik hasita eta ordu erdiko tartearekin, Ezkerrarekin, Ahal Dugu-rekin eta EH Bildurekin batzartuko da. Bihar, berriz, 10:00etan hasita, Geroa Bai, PSN eta Navarra Sumarekin bilduko da. Orain, foku guztiak Maria Txibite sozialistarengana zuzenduta daude. Akordio programatikoa adosteko bidean, lehen zirriborroa helarazi zien PSNk Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-ri, eta bihar arratsaldean, 17:30ean, hurrengo bilera egingo dute.

Motel baina tinko, aurrera jotzeko borondatea agertu zuen atzo Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak. Beste behin berretsi zuen 23 parlamentariz osatutako gehiengo bat osatzea dutela helburu: «Ez dago ezer hitzartuta. Dena dago mahai gainean». Bere hitzetan, akordioa lotu arte, ezingo da inbestiduraz hitz egin: «Auzia ez da noiz nahi dugun izatea, baizik eta noiz ahal dugun».

Adolfo Araiz EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, 23ko gehiengo hori «politika fikzioa» besterik ez da. PSNk beste hiru alderdiekin akordioa erdietsi zein ez, ezinbestean, EH Bilduren abstentzioa behar luke Txibiteren inbestidurara begira, eta Araizek ohartarazi zuen eurekin hitz egin beharko dutela. «Bitartekaritza zuzena izan nahi dugu», esan zuen. «Batez ere bazterketa politikoa gainditu behar da, eta normalizatu egin behar da orain arte normala izan dena», azaldu zuen, gogoan hartuz aurreko legealdian ohiko erlazioa izan zutela PSNrekin.

Navarra Sumako Javier Esparzak ere azpimarratu zuen PSNk ez dituela 26 boto, 11 baizik. «Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-rekin, 23 parlamentariren babesa dute, baina 23k ez dute gehiengorik ematen. Bildu behar dutela jabetu behar da PSN». Espainian, Pedro Sanchezen inbestidura babesteko eskaintza berretsi zuen Esparzak, beti ere Nafarroan sozialistek orain arteko bidetik jarraitzen ez badute. Navarra Sumako hautagaia PSNren elkarrizketek zer emango zain dago, baina, edukiei begira, bi aldeetako batek bere printzipioak alboratu beharko dituela uste du: «Edo PSNk lau urtez esan duenari uko egiten dio edo laukoak urteotan egin duenari uko egiten dio».

Atzo legealdiko lehen bilera egin zuen mahai eta eledunen batzordeak. Ahal Dugu-k eskatu du talde mistotik atera eta parlamentari elkarte bat osatzea —talde baten eskubide eta baliabide berak lituzke—. CDNk zein Ezker Batuak 2007an edo PPk eta Ezkerrak 2015ean lortu zuten, baina aurrekariok izanagatik, EH Bilduk eta Navarra Sumak ondorio juridikoak eta ekonomikoak aztertzeko eskatu dute.

Mahaiaren zabaltzeaz

Erabakitzeko dagoen beste auzi nagusia mahaiaren zabaltzea da. PSNkbeste bi kide gehiago (Ahal Dugu eta PSNkoa) izatea proposatu du, baina ez da erabakirik hartu, txostenek zer esango ikusi arte. Hainbat zalantza argitu behar dira. Lehenik eta behin, jakin behar da ea araudia aldatu egin beharko litzatekeen —Espainian, Andaluziako Parlamentuan hala egin zuten 2016an—. Bigarrenik, ez dago argi, araudia aldatu bitartean, parlamentuko presidenteak behin-behineko ebazpen bidez har dezakeen erabakia. Azkenik, ikusteko dago bi kide izendatzearekin aski den. Navarra Sumak uste du berriz osatu beharko litzatekeela mahaia.

Taldeetako eledunak izendatu dira. Navarra Sumaren kasuan, bozeramailea Javier Esparza izango da eta bi albokoak, Carlos Perez Nievas (Ciudadanos) eta Jose Suarez (PP).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.