Elkartasun Tanta

Ikastolen jaiek antolatu izan dituzten zozketak ordezkatzeko, txartelak egin dituzte. Abendutik aurrera egongo dira salgai, bost euroren truke
Ikastolen aldeko Tanta ekinaldiaren aurkezpena.
Ikastolen aldeko Tanta ekinaldiaren aurkezpena. IDOIA ZABALETA / FOKU

Jone Bastida Alzuru -

2019ko azaroak 27
«Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena». Horrela definitu dute Tanta, Ikastolen Elkartearen ardurapean diharduten ikastolen aldeko jaiek atondu duten egitasmo berria. Elkartasun txartelak dituzte oinarria: «Tanta txartel bakoitzeko, herritarrek bost euroren ekarpena egingo diote ikastolen proiektuari, eta aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu».

«Elkartasuna» azpimarratu dute antolatzaileek, eta horren adierazle nagusia «ikastolen jaiak» direla: «Urtero, ehunka mila lagunek adierazten digute, tantaz tanta, gurekiko elkartasuna». Nabarmendu dute jaiak auzolanean, autogestioan eta autofinantzaketan oinarritzen direla. «Gure herrigintzaren berezko ezaugarrietako bat da auzolana, eta hura oinarri hartuta antolatzen ditugu jaiak». Ordea, gogoratu dute tamaina horretako jaiak antolatzeak kostu ekonomiko «handiak» eragiten dituela.

Bide eta baliabide ugari baliatzen dituzte gastuei aurre egiteko, eta zozketa izan ohi da horietako bat. Funtsean, hori ordezkatuko dute Tanta txartelekin: «Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen zuen. Orain, bost zozketa horiek egin beharrean, elkartasun txartelak egitea erabaki dugu». Adierazpen hori «saritu» nahi dute, eta, hori dela eta, txartela erosten dutenek 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.

Adierazi dute «ikastola eredua» ere azaldu nahi dutela. Beraz, modu labur eta didaktikoan, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da txarteletan: «Bilduma bat osatzea da asmoa». Elbira Zipitriarekin abiatu dute egitasmoa: «Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta aurreneko ikastolen eta egungoen arteko zubia izan zen Zipitria. Haren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea».

Ikastola guztiena

Abendutik aurrera egongo dira txartelak eskuragai, ikastoletan eta bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan; bost euro balioko dute. Urteko jaien ikastola antolatzaileek izango dute txartelak banatzeko ardura nagusia, baina, hala ere, ikastola guztiek parte hartuko dute. Zozketa, berriz, ekainaren 25ean egingo dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna