0-3 eskolak: irailerako ere ez

Maiatz eta ekain artean, 60 eguneko greba egin zuten Nafarroako 0-3 zikloko langileek, ratioen jaitsiera eta baldintza duinak eskatzeko. Egoera ez da aldatu, eta protestei eutsiko diete.

0-3 Plataformak Nafarroako Parlamentuaren aurrean eginiko protesta, iragan maiatzean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Irailerako utzi zuten auzia, baina ikasturte berriaren hasieran ere, kale. 0-3 zikloko hezitzaileen lan gatazkak trabatuta segitzen du iaztik, ez atzera ez aurrera, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua ez da gai izan langileak asebeteko dituen konponbide bat bilatzeko. Iragan maiatzean, greba mugagabeari lotu zitzaizkion hezitzaileak, eta dozenaka eskola ixtea lortu zuten 60 egunez. Zehazki, 77 eskolatako langileak batu ziren grebara —103 zentro daude Nafarroan, guztira— eta, horietatik, 59tan lortu zuten zerbitzua erabat etetea. Ekainean, bertan behera utzi zuten lanuztea, ikasturte amaierak behartuta, baina horrek ez du esan nahi giroa baretu denik, edo gatazka konpontzeko bidean denik.

«Ikasturtea bero dator», laburbildu du Eider Gardek, Arbizuko Kattuka haur eskolako hezitzaile eta 0-3 plataformako bozeramaileak. «Argi dugu zeintzuk diren gure helburuak: eskoletako ratioak murriztea eta soldatak igotzea; eta, oraingoz, gobernuak ez du egin ez bata ez bestea».

Negoziazioak hasi zirenean, aurrekontuetan eragiteko eta diru sail gehigarriren bat lortzeko esperantza zuen 0-3 Plataformak, protesta eta lanuzteen bidetik: «0-3 hezkuntza zikloa behar bezala elikatu beharra dago, diruz hornitu, baina ikasturte hasiera honetan, gobernuak ez du horretaz hitz egin nahi izan ere». Hain zuzen, duela astebete batzartu zen haur eskolen lantaldea, baina organo horretan ere «lan baldintzen auziari izkin» egin izana leporatu diote gobernuari.

Hezkuntza Departamentuko eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek osatzen dute lantaldea nagusiki; 0-3 Plataformako kideek, berriz, aukera dute bileretara joateko eta hitza hartzeko, baina soilik «gonbidatu» gisara, boto eskubiderik gabe. «Joan den asteazkeneko bileran, gure aldarrikapenei buruz hitz egiteari uko egin zion Hezkuntza Departamentuak, argudiatuta auzi hori ez zegoela gai ordenan». Garderen esanetan, eredu pedagogikoei buruz solastatzeko proposamena egin zieten soilik: «Uste dugu hau guztia estrategia bat dela: sektoreko langileak beste gai batzuekin entretenituta eduki, ez diezaiegun beren azpijokoei erreparatu».

Bilera sorta, «aurki»

Hala ere, Nafarroako Gobernuak behin eta berriro esan du «ahaleginak eta bi» egin dituela haur eskoletako langileen baldintzak hobetzeko. 0-3 Plataformako ordezkariarentzat, «apurrak» besterik ez diete eskaini. «Soldatak eguneratzeko keinua egin dute, eta laguntzaile batzuk kontratatu; baina ez diote arazoaren muinari heldu: ratioak ez dituzte murriztu, eta jarri diguten laguntzaile kopurua oso-oso eskasa da. Halako lau beharko genituzke, gutxienez». Gardek salatu du, gainera, gobernuak iragarritako laguntza ez dela heldu eskola askotara: «Lankide askoren egoera greba hasi genuenean baino okerragoa da gaur egun».

Oro har, «borondate politikorik eza» sumatzen dute Nafarroako Gobernuan, auzia behingoz konpontzeko. Horregatik, ez dute baztertzen berriz ere greba deialdi bat egin behar izatea: «Azken heldulekua da guretzat, baina mahai gainean dago aukera hori oraindik. Gobernuari erakutsi diogu gai garela lanuzte mugagabe handi bat antolatzeko, eta ez dugula atzera egiteko asmorik». Hala ere, horren aurretik, gainerako negoziazio bideak agortu nahi dituztela azaldu du Gardek: «Bilera sail bat eginen dugu datozen egunetan parlamentuko taldeekin, aurrekontuetan isla izanen duen aldaketak egiteko prest diren jakiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.