Urtxintxa zena orain Hezten da

35 urte egin ditu aurten Urtxintxa heziketa erakundeak, eta hemendik aurrera Hezten izena izango du. «Urtxintxa jolasti hura» heldu egin dela diote, eta horregatik egin dute aldaketa.

Izen aldaketaren ekitaldia, atzo, Donostiako Gladys Enea parkean. FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Urtxintxa jolasti hura heldu bilakatu zaigula ikusirik, jauzi berri bat egitea erabaki dugu: izena eta irudia eraldatzea», horrela azaldu dute Urtxintxa izena zuen elkarteko kideek erakundearen izen eta itxura aldaketa. Hezten, Aisialdi Euskaltzalea izango du izena elkarteak hemendik aurrera, baina, azken 35 urteetan egin moduan, aisialdi euskaltzale eta hezitzailea bultzatzen jarraitzeko xedea berdin mantenduko dute.

Donostiako Gladys Enea parkean aurkeztu zuten atzo elkartearen irudi berria, eta urteetan alboan izan dituztenekin batera egin zuten sei urratseko bidaia, izen berriaren hizki bakoitzarekin lotuak denak. Hezkuntzan, pertsonen garapenean, aisialdian eta euskalduntzean elkarteak egiten duen lana gogorarazi zuten, baina baita lantaldearen profesionaltasuna eta elkarlana ere.

Maite Asensio Hezten-eko koordinatzaileak adierazi du lantaldearen eta egiten duten jardunaren profesionaltasuna nabarmentzea izan dela aldaketaren zergati nagusietako bat: «Badago gure elkarteak egiten duen lana serio hartzen ez duen jendea, eta uste genuen Urtxintxa izenak ez zuela horretan laguntzen. Hori dela eta, gogoeta luze baten ostean, aldaketa egitea erabaki dugu. Ez da erraza izan; azkenean, zure umeari bat-batean izena aldatzea bezala da. Hasieran pixka bat traumatikoa izan da, baina polita, era berean».

Heziketa ez-formalaren garrantzia ere nabarmendu du Asensiok: «Jolasen bitartez egiten dugu lan, baina horrek ez du esan nahi profesionala ez denik». Izan ere, pertsonak eskolan, etxean eta aisialdian hezten direla gogorarazi du, eta denek garrantzia dutela gehitu du.

35 urteko lana

Joan den urtarrilean bete zituen Urtxintxak 35 urte. Egun lantalde handia badute ere, garai batean hainbat boluntarioren ekimenez sortu zen Urtxintxa. Asensiok azaldu duenez, duela 35 urte oso urriak ziren hezitzaile titulazioa eskuratzeko bideak. Eskauten edo elizaren bidez lor zitekeen, eta hainbat pertsona elkartu ziren era boluntarioan, zeuden aukera urri horiei «irtenbide euskaltzalea» topatzeko. Ordutik etengabeko bilakaera izan du elkarteak, egungo taldera iritsi arte.

Izen aldaketak, baina, jendea nahastu dezakeela badakite Hezten-eko kideek; hori dela eta, elkartea sortu zuten kideak eta azken urteetan ondoan izan dituzten pertsonak gonbidatu dituzte; giro euskaltzaleko jendea, esaterako: «Inguruko jendea gonbidatu dugu, lehenik eta behin, aldaketa azaltzeko, eta bestalde, berdinak izaten jarraitzen dugula jakin dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.