Soldata apalenak dituzten langileen multzoa handitu egin da 2018an

Batez besteko soldata %1,5 igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 2.250 eurokoa da; Nafarroan nabarmen jaitsi da, 2.049 euroraino

Taberna bateko zerbitzari bat lanean. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Soldatarik txikienak dituzten langileak ugaritu egin dira azken urtean Hego Euskal Herrian. 455 eurotik 1.355 euroraino (gordin)irabazten dutenen taldea soldatapeko guztien %18,5 zen lehenNafarroan, eta %23,5 da orain; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %21,6tik %21,2ra jaitsi da, baina gutxien jasotzen dutenen artean soldata apalenetan lupa jarriz gero (455 eurokoen taldea), igoerak daude Hegoalde osoan: %5,7tik %9,1era Nafarroan, eta %7,6tik %8,1era beste hiru lurraldeetan.

INE Espainiako estatistika institutuak soldaten inguruko datuak eman zituen atzo, 2018. urtea oinarri hartuta. Haren arabera, batez besteko soldata gordina 2.241 euro da Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, eta 2.049 euro Nafarroan. Azken urtean %1,49 igo da batezbesteko hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, esaterako, 2015eko erreferentzia baino apalagoa da oraindik, orduan 2.250 euro baitzen batezbestekoa. Nafarroan, berriz, deigarria da nabarmen egin duela behera batez besteko soldatak: 2.049 eurokoa izan da 2018an, eta 2.177koa izan zen 2017an.

Hiru taldetan banaturik

Jasotzen dituzten lansarien arabera, INEk hamar taldetan banatu ditu soldatapekoak, sari txikienetatik handienetara. Hamar dezil horiek hiru taldetan banatu ditu BERRIAk —455-1.145 euro lehena, 1.355-2.025 euro bigarrena, eta 2.415-4.575 euro azkena—, eta azterketa azkar baten ondorioa da goialdekoa dela talde handiena langileen artean, osotasunaren %43 ordezkatzen baitu.

Xehetasunera joz gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %14,6 dira 4.575 euroko soldata gordina behintzat duten langileak(%15,3 ziren 2017an); Nafarroan, berriz, %8,4 baizik ez —%15,2 ziren 2017an—; jaitsiera handia egon da talde horretan urte batetik bestera. Horrez gain, 3.374 euroan dago goiko muturreko dezilean sartu diren Nafarroako langile horien soldata.

Erdian geratzen den taldera begiratuz gero (1.355-2.025 euro),ikusten da kontratuarekin beharrean dauden langile guztien %35,2 direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kasik ez dela aldatu portzentaje hori azken urtean (puntu erdia); Nafarroan %36,6 dira, baina taldea modu nabarmenean murriztu da azken urtean, 2017an osotasunaren %40,1 baitzen.

Soldata apalenak dituzten langileen taldeak, berriz, arestian esan bezala, behargin kontratudunen %21,2 ordezkatzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %23,5 Nafarroan. Multzo horretan daude lanaldi partzialeko kontratu gehienak, noski. ELA eta LAB sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek erreibindikatzen duten 1.200 euroko gutxieneko soldataren azpitik leudeke hiru dezil apalenetan sailkaturik dauden langile horiek, gehien jasotzen dutenek 1.145 euroko lansaria baitaukate hilero, eta betiere soldata gordina kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.