Koronabirusa

Langileen aldeko neurriak agindu ditu Espainiako Gobernuak gaurko

Frantziakoa, berriz, kaleratzeak debekatzea aztertzen ari da bihar aurkeztuko duen planerako

Madrilgo kaleak hutsik: emakume bat zakurra paseatzen Espainiako Gorteen aurrean. KIKO HUESCA / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Triskantza ekonomikoa eragiten ari dira koronabirusaren hedapena kontrolatzeko neurriak. Aurreko krisi batzuetan ez bezala, bizkor eta sendo erantzuteko gai direla erakutsi nahian dabiltzaEuropako gobernuak. Haien artean daude Espainiako eta Frantziako exekutiboak. Lehenengoak gaur iragarriko du bigarren neurri sorta, eta hor sartuko dira lanpostua edo diru sarrera galdu duten langile soldatapekoen eta autonomoen aldeko laguntzak.

Madrilgo prentsak azaldu duenez, neurri sorta horrek eztabaida handia eragin zuen larunbateko ministroen kontseiluan, laguntza handiak nahi zituztenen eta kontu publikoen egoera kaskarrari ere erreparatzea nahi zutenen artean. Lehenengoen artean, Unidas Podemoseko ministroak eta PSOEko batzuk; zuhurren artean, Nadia Calviño Ekonomia ministroa. Gaur ikusiko da nor izan zen garaile eztabaida horretan.

Pedro Sanchez presidenteak aurreratu zuen laguntzak jasoko dituztela «langileek, autonomoek, enpresaburuek, familiek, eta kolektibo zaurgarrienek». Gainera, iragarri zuen aldi batean enplegua eteteko baldintzak malgutuko dituztela, kaleratze gordinak saiheste aldera.

Frantziako Gobernuak ere helburu hori bera du. Asteazkenean «erantzun ekonomikoak» aztertzeko bilera batera deitu ditu sindikatuak eta patronala Edouard Philllippe lehen ministroak. Baina, Les Echos egunkariak jakinarazi duenez, bilera hori prestatzeko kontaktuetan, kaleratzeak debekatzeko aukera dagoela jakinarazi die Muriel Penicaud Lan ministroak.

Eurotaldearen bilera

Neurri bateratuak prestatzen ari dira Europako Batasunean. Gaur biltzekoak dira 27 Finantza ministroak, Ekofinen, eta atzo izan zen Eurotaldearen txanda —euroguneko ministroak—. Arratsaldean hasi zuten bilera telematikoa, eta, ohi duten bezala, asko luzatu zen. Akordiorik gabe amaitu zuten. Reuters agentziaren arabera, 400.000 milioi euroren larrialdiko funts bat aztertu zuten. ESM erreskate funtseko diruak hornituko luke funts hori.

Diru horrekin finantzatu nahi dituzte osasun gastu gehigarriak, kaleratutako langileei eta diru-sarrerak txikitutako familiei eman beharreko laguntzak, eta enpresa txikien eta ertainen finantzaketa. EMSa estatuen zorrekin finantzatzen denez, horrek ezinbestean handituko ditu zor publikoa eta defizita. Krisiaren larritasunaren ondorioz, gastu publikoa kontrolatzeko mugak kentzeko prest azaldu da Batzordea.

Horiek baliatuta, 25.000 milioi euroren laguntza plan bat onartu zuen atzo Italiako Gobernuak, eta ohartarazi du lehenengoa baizik ez dela. Sos horiekin ordainduko dute langabezian geratu direnen saria, eta 600 euro ordainduko dizkie martxoan langile autonomoei eta sasoikakoei. Lan egitera joan eta seme-alabak zaintzaile baten esku utzi behar izan dutenek ere 600 euro jasoko dituzte.

Suediako Gobernuak, berriz,agindu du aldi baterako enplegua galtzen duten langileen soldataren erdia bere gain hartuko dituela. Apirilean eta maiatzean, gaixotasun baimena hartzen dutenen gastu osoa ere estatuak estaliko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.