Koronabirusa munduan

Italiak portuak itxi dizkie erreskate ontziei larrialdiak iraun bitartean

Alemaniako 'Alan Kurdi' ontziak itsasoan jarraitzen du erreskatatutako 150 errefuxiaturekin, lehorreratzeko portu seguru baten zain

Mediterraneoan eginiko migratzaileen erreskate bat. DOMENIC AQUILINA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Italiak migratzaileen erreskate ontziei portuak ixteko erabakiaren berri eman zuen atzo, eta, horrela, iheslariak itsasoz herrialdera sartzeko ateak zarratzearen aldeko apustua egin dute. Hain zuzen, Italiako Gobernuak adierazi zuen koronabirusa dela-eta kaiak une honetan ez direla «seguruak» Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileentzat, eta, horren ondorioz, atzerriko ontziei debekua ezarri die herrialdean lehorreratzeko. Argudiatu zutenez, osasun larrialdiak irauten duen bitartean ezin dituzte «oinarrizko baldintzak bermatu».

Bien bitartean, Sea Eye Alemaniako gobernuz kanpoko erakundearen Alan Kurdi ontziak itsasoan jarraitzen du, 150 errefuxiaturekin. Astelehenaz geroztik daude lehorreratzeko portu seguru baten zain, baina, oraingoz, ez dute baimenik jaso. Hala, erakundeak azaldu zuenez, portuak ixteko erabakia hartu aurretik ere Italiak berak eta Maltak ukatu egin zien lur hartzeko baimena, «pandemiak eragindako egoera» zela medio. Jokabide hori gaitzesteko, mezu argia helarazi zuen Sea Eye erakundeak: «Europan bizitza ia gelditu egin den honetan ere giza eskubideak babestu behar ditugu. Ez utzi inor atzean».

Migratzaileak salbatzeko ontziei Italian lehorreratzeko jarritako debekuaren berri emateko, hango hedabideek gobernuaren dekretu bat eman zuten argitara, honako hauek sinatua: Luigi di Maio Atzerri ministroak, Luciana Lamorgese Barne ministroak, Paola de Micheli Azpiegitura ministroak eta Roberto Speranza Osasun ministroak.

Dekretuak Hanburgoko Hitzarmenari egiten dio erreferentzia, eta, bertan jasotzen denez, itunari jarraikiz, larrialdi egoera honetan euren portuek ez dituzte «nahikoa baliabide» atzerriko ontziek Italiako bilaketa eta erreskate eremutik kanpo eginiko salbatzeentzat «leku seguruak sailkatu eta definitzeko». Beraz, neurri horrek ez die eragingo Italiako ontziek herrialdeari dagokion gunean eginiko erreskateei, ezta euren kabuz iristea lortzen duten migratzaileei ere.

Egoera horretan, La Repubbica hedabideak jakinarazi zuenez, astearte gauean 124 migratzaile iritsi ziren bi ontzitan Lampedusa irlara. Horiei, gainera, astelehenean heldutako beste 34 gehitu behar zaizkie. Aipatutako azken horiek abegi zentro batera eraman zituzten, eta han ari dira berrogeialdia betetzen. Ordea, zentroak gainezka egiten ari direla ohartarazi du Toto Martello irlako alkateak: «Ez dago lekurik, eta ezin dira prebentzio neurriak bete. Beharrezkoa da pertsona horiek berehala lekualdatzea».

Martxan, baina apurka

Italiari esperantzarako tartea ireki zaio birusari dagokionez, eta kutsatuen beheranzko joera egonkortu du. Hortaz, herrialdea berriz martxan jartzeko plan bat ontzen ari dira.

Azken datuen arabera, orotara ia 140.000 kasu positibo atzeman dituzte Italian, eta 17.669 pertsona hil dira gaitzak jota. Horrez gain, asteartean martxoaren 10etik izan duen kutsatze kopuru baxuena baieztatu zuten: 880. Atzo, gora egin zuen datu horrek, eta 1.195 kasu berri hauteman zituzten. Halere, apurka geroz eta hobeak dira datuak, eta atzo ere izan zen berri onik. Izan ere, inoiz baino pertsona gehiagori eman zioten sendagiria: 2.099ri, hain zuzen. Horrela, guztira 26.491 lagun dira gaitza gainditu dutenak.

Oraingoz, apirilaren 13an amaituko da konfinamendua Italian, eta, gero, apurka herrialdea irekitzeko plana garatzen ari dira, modu mailakatuan eta kontrolatuta. Hala, itzulerak fase batzuk igaro beharko ditu, eta arduraz jokatzeko deia egin du Speranza Osasun ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.