Noiz sortua: 2020-05-20 00:30:00

Koronabirusa

Esportazioak %22 jaitsi dira

Martxoan, 520 milioi euro gutxiago esportatu dituzte Hegoaldeko enpresek. Energian eta autogintzan nabaritu dute kolpea gehien
Autoak, Pasaiako portuan, maiatzeko lehenengo astean.
Autoak, Pasaiako portuan, maiatzeko lehenengo astean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko maiatzak 20

Ohi duen moduan, erosi baino gehiago saldu du Hego Euskal Herriak, baita COVID-19aren krisiaren lehengo asteetan ere. Martxoan, 2.352 milioiren esportazioak egin zituzten lau herrialdeetako enpresek. Eta kanpotik ekarritako ondasunek 1.814 milioiren kostua izan zuten. Ondorioz, saldo positiboa izan du Hego Euskal Herriak: kanpoan saldu duena 538 milioi gehiago izan da kanpotik erosi duena baino.

Aurtengo martxoko esportazio datuak iazkoarekin konparatuta, %22 jaitsi dira: 520 milioi gutxiago. Inportazioei dagokienez, %14,2 jaitsi dira: 257 milioi gutxiago.

Atzo ezagutarazi zituzten datuok Espainiako Industria Ministerioak eta Eustatek. Esportazioen kasuan, jaitsierarik handiena autogintzak izan du, eta bereziki Nafarroan: iazko martxoan baino %71,6 gutxiago saldu da kanpoan. Alarma egoera dela-eta ezarritako neurriengatik, sektoreko lantegi askok itxi behar izan zuten martxoko bigarren hamabostaldian.

Hori izan zen Volkswagenek Iruñean duen plantaren kasua. Baita Mercedesek Gasteizen duenarena ere. Araban, sektore horretan %44,8 jaitsi dira salmentak. Beste lurraldeetan ez dago auto ekoizlerik, baina ibilgailuentzako osagaiek industria sektore garrantzitsuena osatzen dute. Hego Euskal Herriko esportazioetan ere berebiziko garrantzia du: BPG barne produktu gordinaren %25 inguru esportatzen dute.

Energiarena da beste sektore garrantzitsu bat esportazioetan; Bizkaian, bereziki: %60,6 jaitsi dira petrolio olio findegien esportazioak, eta %22,1 autogintzarekin loturikoak. Gipuzkoak nabaritu du gutxien esportazioen jaitsiera (%16,6), eta bereziki trenen sektorean izan duen hazkundeagatik izan da hori: % 7,8 handitu ditu salmentak iazko martxokoekin alderatuta.

Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak batez ere Europako Batasuneko (EB) herrialdeetara egin dira: %59,4. Nafarroan pisu handiagoa izan dute Europatik kanpora egindakoek. Iazko martxoko datuekin konparatuta, EBra egindakoak %50,8 jaitsi ziren —%39ko pisua dute guztira—, eta gehitu egin dira Amerikara (%146) eta Asiara (%40,6) egindakoak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 27an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hemeretzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bederatzi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.812 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.034 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Lanbideren Gasteizko bulego bat, itxita ©Luis Jauregialtzo, Foku

Munduko bortz gaztetatik batek lana galdu du pandemia hasi zenetik

Berria

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, koronabirusak eragindako krisiak bereziki eragiten die gazteei. Lana duten gazteen %23ri lan orduak murriztuko dizkiete. Erakundearen arabera, emakumeak ari dira bereziki pairatzen krisiaren ondorioak. 

Ursula von der Leyen, artxiboko irudian, ©OLIVIER HOSLET / efe

Bruselak 750.000 milioi euroko funtsa proposatu du

Iker Aranburu

500.000 milioi laguntza zuzenak izango lirateke, eta beste 250.000 milioi, maileguak. Zerga berriekin ordaindu nahi du hartuko duen zorra. Harrera beroa izan du hegoaldean, baina hotza iparraldean.

Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroa, joan den astean, Diputatuen Kongresuan. ©Kiko Huesca / Efe

Unibertsitate tasak jaitsi beharko dituzte Hego Euskal Herriko administrazioek

Andoni Imaz

Castells Espainiako Unibertsitate ministroak adierazi du unibertsitateek finantziazio gehiago behar dutela, baina hori ezin dela egon «baliabide gutxien dituzten familien eta ikasleen bizkar».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna