6.000 atxilotu baino gehiago Lukaxenkoren aurkako protestetan

Tikhanovskaiaren garaipena aitortu, eta «herriari boterea emateko» eskatu du oposizioak.

Atxilotu eta zaurituen aldeko manifestazioa, atzo, Minsken. TATIANA ZENKOVICH / EFE.
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Bielorrusian, presidentetzarako hauteskundeak izan ziren iragan igandean, eta ordutik protestak egon dira kalean. 1994tik agintean den Aleksander Lukaxenkok irabazi zituen bozak, emaitza ofizialen arabera. Oposizioak, ordea, ez zituen emaitzak aitortu, eta «aldaketa baketsua» bultzatzeko deia egin zuen. Ondorioz, igande gauetik hasita protestak dira nagusi Minskeko kaleetan. Segurtasun indarrek gogor jo dute protesten aurka, eta orotara 6.000 dira orain arte atxilotutakoak.

Gobernuaren gertuko informazio iturrien arabera, manifestazioen antolatzaileetako batzuk atxilotu zituzten atzo. Belta agentziak zabaldu zuenez, atxilotuetako batekzentroko hotel bateko gela batetik koordinatu zituen protestak. Pertsona hori beste hiru lagunekin zegoen harremanetan, eta hiru horiek lotura zuten «ehunka» lagunekin, bertsio horren arabera. Horrez gain, Bielorrusiako Ikerketa Batzordeak jakinarazi zuen Errusiako nazionalitatea zuten bi pertsona ere atxilotu zituztela, «istiluetan» parte hartu izana leporatuta.

Botoen %80 eskuratuta, beste bost urterako agintaldia bermatu zuen igandean Lukaxenkok. Haren atzetik geratu zen Svetlana Tikhanovskaia, botoen %9,9 jasota. Bozetan «iruzurra» izan zela salatu zuen oposizioak, eta ez zituen emaitzak aitortu. Egun, Lituanian dago oposizioko burua. Haren bozeramailearen esanetan, ez zuen beste aukerarik eduki.

Oposizioak bi asteko epea eman dio Lukaxenko presidenteari «boterea herriari» itzul diezaion. Tikhanovskaiaren bozeramaile Anna Krasulinak baliogabetzat jo ditu hauteskundeetako emaitzak, eta «Tikhanovskaiaren garaipena» aitor dezala eskatu dio Lukaxenkori.

Ezohiko bilera

Europako Batasuneko (EB) herrialdeetako atzerri ministroak ostiralean batuko dira, Bruselan. Josep Borrell EBko diplomaziaburuak deitu du ezohiko saiora, besteak beste Bielorrusiako presidentetzarako hauteskundeez eta protestez hitz egiteko.

EBk herenegun adierazi zuen Europako ekialdeko herrialdearekin dituen harremanak berrikusiko dituela, eta igandeko bozei agintariek emandako erantzuna aztertuko duela. «Horrek barne har lezake, besteak beste, neurriak hartzea ikusi ahal izan den biolentziaren, arrazoirik gabeko atxilotzeen eta hauteskundeetako emaitzak faltsutu dituztenen aurka», ohartarazi zuen Bruselak. Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak ohartarazi zuen manifestarien aurkako biolentzia ez dela krisia amaitzeko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.